Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta, Josune Muñoz San Jose Skolastikako kideak
Emakumeenganako indarkeria komikietan hitzaldia emango du eguenean [azaroak 23], 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Skolastikako kidea izateaz gain, emakumeen komikietan aditua da Muñoz. “Alde batetik teoria azalduko dut, baina bertaratzen direnen erraztasunerako eta
hitzaldia ahalik eta praktikoena izateko, adibideen bitartez komiki munduan emakumeenganako dagoen indarkeria azaleratuko dut”. Oro har, komiki munduan emakumeenganako indarkeria mota desberdinak antzematen direla gaineratu du Muñozek. “Eta horiekin guztiekin konturatzeko tresnak emango dizkiet hitzaldian parte hartzen dutenei”.
Josune Muñoz San Jose. Argazkia: Skolastika.
Horrez gain, komikiak nola irakurtzen diren era irakatsiko duela aurreratu du. Hala, begi bistan dauden mezuak jasotzeaz gain, ezkutuan daudenak ere antzematen irakatsiko du Muñozek. “Horretarako ezinbestekoak dira tresnak. Azken finean,
mezu asko eta asko esplizituak dira, baina inplizituak ere badaude“. Hala, emakumeenganako kontrol psikologikoa, sinbolikoa eta abar jasotzen duten komikiak mahairatuko ditu.
“Komiki asko eta asko erabiliko ditut hitzaldian: Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Europakoak eta, oro har, mundu mailakoak”. Teoria garrantzitsua dela dio Muñozek, baina praktikak ere beste horrenbesteko garrantzia daukala dio. “Eta hain zuzen ere, praktikaz baliatuko gara komiki munduan emakumeenganako dagoen indarkeria antzemateko”.