'Buruak martxan' tailerrak emango dituzte hiru udalerritan
Zainduz programaren barruan hainbat ikastaro eskaintzen ditu Lea-Artibai Amankomunazgoak, eta horietako bat da pertsona nagusiei zuzendutako Buruak martxan izeneko tailerra. Oraingoan, Lekeitioko, Berriatuako eta Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Elkarteeta...
Oraingoan, Lekeitioko, Berriatuako eta Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Elkarteetan emango dituzte tailerrak, eta Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten bederatzi udalerrietako nagusiek parte hartu dezakete.
Lekeition eguaztenetan izango dira saioak, 17:00etatik 18:30era. Azaroaren 29an eta abenduaren 13an eta 20an emango dute tailerra.
Berriatuan bariku arratsaldetan egingo dituzte. Abenduaren 1ean egingo dute lehen saioa, eta abenduaren 15ean eta 22an izango dira gainerakoak, 16:30ean hasi eta 18:00ak arte.
Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Elkartean martitzen goizetan batuko dira. 10:00etatik 11:30era emango dute tailerra. Azaroaren 28an eta abenduaren 12an eta 19an izango dira saioak.
Tailerrak 60 urtetik gorako pertsonei bideratuta daude. Hain zuzen, autonomoak direnei, maila kognitiboan edota funtzionalean gabezia handirik ez dutenei eta zahartze-aktibo egoki bat eduki nahi dutenei zuzendutako tailerra da. Buruko jardueraren programa horretan garunaren hainbat funtzio landuko dituzte.
Hala, besteak beste, orientazioa, hizkuntza, memoria, arreta, kalkulua, praxiak, pentsamendu abstraktua, pertzepzioa, arrazonamendua eta logika eta funtzio exekutiboak kontzeptuei buruzko saioak izango dira. «Hainbat ikerketak ondorioztatu dute entrenamendu kognitiboak eta praktikak adinagaz lotutako beherakada kognitiboaren alderdi batzuk lehengoratu ditzaketela».
Tailerren informazio gehiago jasotzeko, 94-616 9078 telefono zenbakira deitu daiteke.