Lekeitioko Udalak aurten baino 470 mila euro gehiago izango ditu gastatzeko
Inbertsioei dagokienez, hauek dira 2018ko aurrekonturako aurreikusi dituztenak:
- Santa Katalina paseoaren hirugarren fase bat egitea (100.000 euro)
- Arropain auzoan espaloia egitea (66.585 euro)
- Elizate-gasolindegiko urbanizazioa egitea (100.000 euro)
- Mendieta ontziola (45.000 euro)
- Eskola publikoetan segurtasun neurriak hobetzeko konponketak egitea (60.000 euro)
- San Andres auzoko urbanizazioa gauzatzea
- Musika eskolako egoitza berriaren lehen fasea (50.000 euro)
- Kirol instalakuntzetan hobekuntzak egitea: skatepark, futbol zelaia ikerketa barne. (147.000 euro)
- Uda sasoian lekeitiarrentzako aparkalekuak ziurtatzeko sistema guneak zabaltzea
- Argiteri publikoaren aldaketaren II. fasea (30.000 euro)
- HAPOgaz aurrera jarraituko dute (100.000 euro)
- Ikusgarri Zinema Aretorako baliabide berriak erosiko dituzte (25.000 euro)
Bestalde, udaletxeko beharginen soldaten %1,5eko igoera ere planteatzen dute eta kultur, kirol eta gizarte jarduerak ere lagunduko dituzte. Hala nola, herriaren garapenerako onuragarriak eta inpaktu ekonomikoa duten kirol ekintzak bultzatzen jarraituko dute, Ikusgarri Zine Aretoan egiten den zine eta beste ekintza kulturalen programazioa mantentzeko laguntza jasoko du Zinemazale elkarteak, herriko Eskola Publikoari, Ikastolari eta Iturriotz Institutuari egiten zaizkien diru ekarpenak mantendu eta Euskal Eskola Publikoaren jaia lagundu eta babestuko dute, Kitto elkartearekin elkarlana bultzatu eta sakonduko dute, euskara alfabetatzeko diru laguntzak ematen jarraituko dute, 18 eta 35 urte bitarteko herriko gazteei zuzendutako etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak errepikatu eta partida gehituko dute eta III. Berdintasun Planari ekingo diote.
Herritarren ekarpenak. Bestalde, web orrialdea ere aldatu egingo du udalak, zehaztu dutenez “gardentasuna erakutsi eta parte hartzea errazteko”. Bide horretatik, azken urteetan egin duten modura, herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu udalak aurten ere, datorren urteko plangintza egiterakoan horiek ere kontuan izateko. Horretarako, aurrekontu proposamena Udaletik aldizkarian eta udalaren web orrialdean argitaratu dituzte, herritarrek eskura izateko.
Lekeition erroldatuta daudenak eta adin nagusikoak diren guztiek euren ekarpenak egiteko aukera edukiko dute abenduaren 11ra arte. Udalaren edozein bulegotara jo dezakete horretarako, edo bestela, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzi edo WhatsApp bidez 656 70 25 08 telefono zenbakira mezu bat bidali. “Ekarpenak egin dituzten herritar guztiei hamar egunen buruan erantzungo zaie, eta Udal Gobernuak proposamenak baloratu eta abenduaren azken astean Ogasun Batzordea deituko da”.
Jakitera eman dutenez, gainera, abenduaren 20an, 19:00etan herritarrei aurrekontuen inguruko azalpenak emango dizkiete kultur etxeko Azkue aretoan egingo den batzar zabal batean. “Printzipioz, abenduaren 28an Udalak Osoko Bilkura deitzeko asmoa dauka bertan aurrekontuak eztabaidatu eta, ala badagokio, hauek onartzeko”.