San Andres jaiak ospatzen hasiko dira bihar [azaroak 30] etxebarritarrak. Egun handiagaz hasiko dituzte festak, gainera. Ekintzez beteriko jai eguna izango da biharkoa, urtero herritar askoren partaidetza izaten duena. Ekintzen artean aipagarriena
herriko ume eta nagusientzako afaria da, hala ere, beste hainbat ekimen egongo dira egunagaz gozatzeko.
Etxebarritarrak briskan jokatzen joan den urteko San Andres jaietan.
11:00etako mezaren ondoren, buztinagaz jolasteko aukera edukiko dute herritarrek frontoian. Rosa Mari Etxabe herriko artista izango dute lagun 12:00etatik aurrera, buztinagaz artelanak egiteko.
[IKUSI EGITARAUA]
Arratsaldean berriz, urteroko
briska txapelketa jokatuko da. Beti bezala bi maila egongo dira 16 urtetik beherako gazteena eta 16 urtetik gorako nagusiena. Frontoian bertan eman behar da izena eta bertan egingo dute jokoan bai eta ere.
Beste era bateko jokoan jardungo dute bitartean, Etxebarriko ume eta gaztetxoek. Egurrezko jolasez beteko dituzte probalekua eta kantxa eta horiekin jostatu ahalko dute gaztetxoek. Ohi modura afari merienda aurretik
San Andres Kartel Lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Lau sari emango dituzte: 0-5 urte bitartekoentzat, 6-9 urte bitartekoentzat, 10-16 urte bitartekoentzat eta nagusientzat.
Umeek afaldutakoan nagusien txanda helduko da. 20:00etan jarri dute ordua afarirako. Arratsaldetik hasita herritar talde batek prestatuko dituen taloak, txorizoa, urdaiazpikoa, odolosteak, gaztainak, gazta eta irasagarra ere dastatzeko aukera edukiko dute herritarrek.
[IKUSI EGITARAUA]
Kirolak ere edukiko du tartea sanandresetan. Alde batetik
esku pilota partidak eta zesta-punta partidak jokatuko dira barikuan [abenduak 1] herriko frontoian. Domekan, bestalde, Amets Txurruka Lagunartiek antolatutako ume eta gazteentzako
mendi bizikleta zirkuitua egongo da domeka [abenduak 3] arratsaldean.
Gazte bat Amets Txurruka Lagunartiek antolatzen duen mendi bizikleta zirkuituan parte hartzen iaz.
Adin guztietako ume eta gazteak animatu dituzte parte hartzera Amets Txurruka Lagunartie elkarteko kideek. Urtero bezala, zirkuitu bat prestatuko dute Errekarte etxaldearen ostean dagoen landan, eta adineka banatutako taldeetan zirkuitua osatu beharko dute txirrindulariek. Ondoren, gainera, Down Hill edo mendi bizikleta jaitsiera ikuskizuna egongo da. “Txirrindulariak mendian behera, eskaileretatik jaisten eta jauziak egiten ikusteko aukera egongo da” azaldu dute.