Nahi dutena erabakitzeko
Herri Lagunkoien proiektuan barneratuta daude Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko bost udalerriak. Pertsona nagusien ahotik egoera eta dituzten beharrizanak aztertzen ari dira.Bizi kalitate osasuntsua dutenek zahartzaro aktiboa izatea da Herri Lagunkoi- a...
Herri Lagunkoien proiektuan barneratuta daude Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko bost udalerriak. Pertsona nagusien ahotik egoera eta dituzten beharrizanak aztertzen ari dira.
Bizi kalitate osasuntsua dutenek zahartzaro aktiboa izatea da Herri Lagunkoi- ak proiektuaren oinarri nagusienetakoa. Pertsona nagusiak protagonista bihurtuz, eurek eurentzat nahi dutena zehazteko ekimen garrantzitsua da, eta Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan martxan dago proi- ektua.Munduko Osasun Erakundeak (OMS) Herri Lagunkoia izateko beharrizan batzuk ezarri zituen. Protokoloa egin zuten, metodologia eta jardun bat zehaz- tuz, eta hortik abiatuta sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Herri Adeitsuak Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lagunkoia proiektuak. «Oinarrian OMSek zahartze aktiboari buruz egindako proiektua dago», adierazi du Arritxu Zelaia teknikariak. Eta oinarri horiek jasotzen dituen Dublingo Adierazpena onartu dute dagoeneko Amoroton, Aulestin, Gizaburuagan, Mendexan eta Munitibarren.
Zelaiak aholkulari, teknikari eta dinamizatzaile lanetan dihardu. Ean proiektua egin zuenetariko bat da, eta haren esperientzia baliagarria izango zelakoan Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak eskatuta ari da pertsona nagusiekin lanean. Hain zuzen, mankomunazgoak erretiratuen eskariak aintzat hartuta abiatu du proiektua. Gaur gaurkoz, herriz herri diagnostikoa egiten ari dira, eta urte amaierarako edo urtarrilerako ondorioak prest izatea da haien asmoa.
Proiekturako egitura
Lea Ibarreko talde eragilea sortu dute bost herrietako ordezkariekin, horietako asko jubilatuen elkarteetako kideak dira. Horiek herrietarako proiektua bideratzeaz arduratu dira. «Motore lana bete du talde horrek, eta, ondoren, herrietara joan gara». Herriz herri deialdi zabalak egin, eta parte hartze taldeak osatu dituzte. Guztira, 113 pertsonak parte hartu dute; erantzun zabalena Aulestin izan dute: 42 pertsona.
Parte hartze taldeetan, batetik, inkesta batzuk pasatu dituzte, eta, bestetik, zortzi alderdi aztertu dituzte: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasunekoak.
Zelaiak azaldu duenez, horietan ateratako gauza batzuk herri mailakoak dira, eta beste batzuk, ostera, eskualde mailakoak.
Lea Ibarran biztanleria osoaren %22,29 dira adineko biztanleak, eta horien barruan %23k parte hartu du. Parte hartze taldeetan egon direnen bataz besteko adina 72 urtekoa izan da, eta parte hartu duen pertsona zaharrenak 92 urte dauzka. Oro har, gustura daudela azaldu diete.
Metodologia, baina, apur bat egokitu egin behar izan dute, metodologian gauza asko herri handiei begira daudelako: «Gauza batzuk herri txikietara egokitu behar dira, ez da gauza bera herri handietan dauden komunikazio edo garraio kontuak edo herri txiki batean daudenak. Edo, adibidez baserri inguruan basurdeek edo bestelakoek sortzen dizkieten kalteek garrantzia handiagoa dute, eta herri handiago batean gai hori ez da agertu ere egingo».
Halaber, profesionalekin, zaintzaileekin, menpekotasun egoeran dauden edadetuen zaintzaileekin, gizarte langileekin… osatutako beste talde parte hartzaile bat egingo dute abenduan. «Diagnostikoaren prozesua bukatzeko falta da talde hori biltzea».
Inkestetan hainbat datu eman dituzte: hileko diru sarrerak, euren osasun egoera zelakoa den uste duten, talderen batean parte hartzen duten, bakarrik bizi diren, etxebizitza eurena den, gizarte laguntzarik behar duten… Halaber, talde parte hartzaileetan egunerokotasuneko gaiei buruzko euren iritzia batu dute.
Parte hartu dutenak gustura egon dira, eta orokorrean gustura bizi direla adierazi diete: «Osasuna duten heinean, lehen sasoi baten baino gusturago bizi direla diote». Hala ere, zer hobetuak denak ikusten dituzte, esate baterako, garraioan edo urgentziako farmazietan.
Ahalduntzea lortzeko
Prozesu horren helburua diagnostiko bat egitea da, eta hori da orain egiten ari direna: «Euren egoera zein den jakitea konkretuki, eta euren berbetatik jakitea». Beraz, edadetuak eurak protagonista bihurtzea ere bada helburu nagusienetako bat.
Diagnostikoa bukatu eta ondorioak aztertu ostean, plangintza bat zehaztuko dute. Eta plangintza horretan ere eurek erabakiko dute diagnostiko horretan ateratako gauzekin zer egin, zelan jokatu eta zelan konpondu behar diren. «Eurak enpoderatzea, aktibo bihurtzea da helburu nagusiena. Argazkia ateratzearena, egoeraren diagnostikoa ateratzearena inkestekin eta talde parte hartzaileekin lortzen da, baina uste dugu garrantzitsuena dela hor ateratzen diren gauzei zelan erantzun, zelan eman buelta edo zer egin eurek erabakitzea eta eurek egitea».