Anton Totorikaguena ‘Markiñako Lehoia’ joan da

Herri kirolak probalari handi bat galdu zuen herenegun: Markiñako Lehoia. Bere indarragatik Euskal Herri osoan ezaguna zen Anton Tororikaguena Egurrola gaur [abenduak 30] agurtuko dute Markina-Xemeingo Andra Mari Parrokian. Seiretan hasiko da elizkizuna; ondoren erraustua izango da.

Markina-Xemeingo Ugarte dorretxean jaio zen Totorikaguena 1935 urtean. Gaztetatik erakarri zuen herri kirolak, etxean bazeukan-eta eredua; palankaria zuen aitona bat, eta barreinatzailea bestea. Harrijasotzaile moduan egin zituen hastapenak, eta sokatiran ere aritu zen, pisu libreko txapelak ere jantzi zituelarik. Baina giza probarako erakutsi zuen gaitasunak egin zuen ezagun batez ere. Handik zetorkion betirako iraun dion Markiñako Lehoia ezizena ere.

Zioenez, Bilboko Arriaga aurrean lehiatu zuen proba baten ondoren jarri zioten ezizena, eta horrela egin zen ezagun Euskal Herriko txoko denetan. Bakarka zein taldeka aritu zen proban, eta garai batean ez zegoen probalekuetan Markiñako Lehoia gaindituko zuen aurkaririk. 1.200 kiloko harriak ere eraman zituen batera eta bestera, zeukan indar eta kemenaren erakusgarri.

Baserritarra izanik, animaliekin ere esku ona zeukan, eta horiekin ere makina bat proba egin zituen. Bereak ez ziren animaliak ere sarritan eramaten zituen probalekuetara. Idien atzetik eta aurre-itzain egin zuen makina bat bider, eta astoagaz ere ibili zen probalekurik probaleku. Napoleon izeneko astoagaz sari ugari eraman zituen etxera.

81 urtegaz joan da Markiñako Lehoia. Bere balentriak probazaleen eta oro har herritarren oroitzapenean geratuko dira urte luzeetan.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend