Zapatuan [abenduak 2], Euskararen Egunaren bezperan, lehiatuko da Euskerean Eupadea! Lea-Artibaiko gaztetxoen arteko taldekako lehiaketaren final handia. Berriatuan, Aulestin, Etxebarrian eta Munitibarren kanporaketak eginda, Markina-Xemeingo frontoiak hartuko du finala.
17:00etan hasiko den ekitaldi entretenigarrian erabakiko dira nortzuk diren norgehiagokan parte hartu duten bi mailetako talde irabazleak.
Lea-Artibai eskualdeko amankomunazgo biekin batera ekimenaren antolatzaileak diren
Herribixi kooperatibako kideek jakitera eman dutenez, gaztetxoak izango dira kantxako agertokira aterako diren lehenak.
8-11 urte arteko mailan Berriatua, Aulesti, Etxebarria eta Ondarroako taldeak daude:
Hika-Mikan,
Aulestibixi,
Etxebarriko Makinak eta
Ondarrutar Famauk.
Euskerean Eupadea! Berriatuko saioa
12-16 urte bitarteko gazteei dagokienez, berriz, Lekeitio aldeko gazteak eta ondarrutarrak sailkatu dira finalera:
Egurre!!,
Zitxalak,
Lorituk eta
Patxikontrak. Gaztetxoen ondoren helduko da euren txanda.
Lau proba. Finalera ailegatu diren talde guztiek lau proba egin beharko dituzte. Alde batetik, euren burua aurkezteko bideo bat prestatuko beharko dute. «Bideo hori aldez aurretik grabatuko dute finalistek eta finalean bertan ikusteko aukera egongo da, frontoian jarriko dugun pantaila handian», azaldu dute Herribixiko kideek.
Horrez gain beste hiru proba egin beharko dituzte gaztetxoek: Lea-Artibai eskualdeko pasarte edo kondairaren oinarritutako istorio bat
antzeztu, publikoaren laguntzagaz pantailan jartzen dieten eskualdeko pertsona ezaguna zein den
igarri eta
bertsolari modura dauzkaten trebeziak erakutsi eskualdeko bertsolarien bertsoei zein errima komeniko zaion ondo aukeratuta.
«Kanporaketetan gertuko formatua izan du lehiaketak eta gazteak ondo moldatu dira. Orain plaza handiagoan zelan moldatzen diren ikusiko dugu».
Taldeak animatu eta euskaraz ondo pasatzeko aukera paregabea eskainiko du ekitaldiak.