Primerako giroan ospatu dituzte sanandresak Etxebarrian
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Gutizia horiek guztiak laguntzeko, gainera, taloa izaten dute. Iaz 500 talo prestatu zituztela gogoan zeukaten talo eginean zenbilen herriko emakume taldeak, aurten, berriz, ez dituzte zenbatu, baina egin eta egin ibili ziren 16:30ean hasita. Denek ondo pasatzeko lanean jardun zuten arratsalde osoan. Kontatu zutenez batzuk hasiberriak ziren zeregin horretan, beste batzuk ordea, urte asko daramatzatenak. Txerrikiak frijitu eta banaketagaz berriz, herriko guraso elkartekoak arduratu ziren, eta ume eta gazteei banatu zieten lehenbizi jana. 20:00etatik aurrera, hasi ziren hurreratzen apurka-apurka nagusiagoak, herriko afarian parte hartzera. Bapo jan eta edan zuten zutik edo jarrita.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Pilota partidak. Egueneko mahai luzeek pilotariei utzi zieten lekua barikuan. Esku pilota partidak lehenengo eta zesta-puntakoak jokatu ziren ondoren. Hiru partida egon ziren bakoitzeko. Esku pilotako lehen partiduan Mikel Egurrola eta Txomin Landaluze izan ziren nagusi, Ekain Idigoras eta Eritz Arrillagari 18 eta 17 estu bategaz irabazita. Bigarren norgehiagoka berriz, Aratz Martinezek eta Txomin Landaluzek irabazi zuten. 18 eta 15 menderatu zituzten Amets Alvarez eta Peio Arrizabalaga. Azken partidan Erlantz Azpiazu eta Dani Ormaetxea izan ziren garaileak Markel Egurrolari eta Ibon Etxaberi 18 eta 10 irabazi zieten. Zesta-puntari dagokionez, Adrian-Kepa eta Goitia-Atain bikoteak izan ziren kantxara ateratzen lehenengoak. Retolaza eta Txomin Urri eta Mandiolaren kontra neurtu ziren ondoren eta Meabek eta Ibarluzeak osatutako bikoteak Antxon eta Etxeba izan zituzten aurkari azkenengo lehian.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Mendi bizikleta. Jaietako azken egunean ere kirola izan zen protagonista. Amets Txurruka Lagunartiek antolatuta ume eta gazteentzako mendi bizikleta zirkuitua egon zen Errekarte etxe taldearen inguruan zehar. Lehenengo 4 eta 6 urte arteko bederatzi txirrindulari ibili ziren zirkuituan bueltaka eta 7 eta 8 urteetako beste zortzi, eta azkenik, 10 eta 13 urte arteko zortzi txirrindulari. Gora eta behera basaz betetako landan zehar gogor ibili ziren txirrindulariak. Bi, lau eta sei buelta eman zituzten. Horrez gain, DH ikuskizuna ere eskaini zuten adituek mendi bizikletekin. Mendian behera eta eskaileratan behera jauziak eginez harrituta utzi zituzten ikusleak.