Bederatzi urte hauetan egindako beharrak ordainsaria behar zuela iritzita, Akerbeltz gaztetxea jai giroz bete zuten zapatuan [ abenduak 2] Markina-Xemeingo gazteek. Bazkarian espero baino gutxiago izan baziren ere, gaueko kontzertuek txiki utzi zuten Akerbeltz.
MGAk antolatutako pala txapelketaren irabazleak. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Gazteek eurak prestatutako bazkariagaz hasi zuten 9. urteurren jaia, eta eguerdi ostea euskal bingoan jolasten igaro ondoren, frontoi txikiko pala txapelketa ikustera joan ziren arratsaldean.
Urtez urte gero eta parte hartze handiagoa dauka Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatzen duen
pala txapelketak. Aurten ere azaroan jokatu dira kanporaketak, urtero modura, bi mailatan banatuta, eta maila bietako finalak erabaki ziren zapatuan.
Lehen mailako txapelketako irabazleak Eneko Larruskain
Katillu eta Jon Meabasterretxea izan ziren, bigarren mailako garaileak, berriz, Jose Luis Mendikute eta Jon Mikel Goienetxea. Gaztetxemonek eta Akerbeltzekek eman zieten saria irabazleei.
Akerbeltz gaztetxeko kontzertua. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Txapelketa osterako txaranga zeukaten aurreikusita, baina azaldu dutenez, eguraldia zela eta txarangako kideek ezin izan zuten Markina-Xemeinera heldu. Hala ere, eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta megafonia kalera atera zuten gazteek iluntzeko poteoari doinua jarri eta kaleak alaitzeko.
Garoa,
Akabu eta
DJ Elepuntok jarri zuten martxa gauean, Akerbeltzen. Gaztetxea goizaldeko ordu txikiak arte egon zen beteta, eta beraz, “pozik” gertau ziren antolatzaileak.
DJ Elepunto musika jartzen Akerbeltz gaztetxean. Argazkia: M.G.A.