Barinagako giroa berotzen hasiko dira asteburuan,
San Anton jaiak. Sainduaren eguna bera eguaztenean [urtarrilak 17] bada ere, jaia aurretik hasiko dute barinagarrek. Bariku [urtarrilak 12] iluntzean botako dute txupina, txikiteoagaz hasi aurretik.
Briska txapelketaren irabazleak, Barinagako umeekin.
Urtero bezala, egitarau zabala prestatu du Barinagako Jai Batzordeak, eta kirol proba, joko, eta, zelan ez, lagunarteko afari eta bazkaririk ez da faltako. Besteak beste, urtero arrakasta handia izaten duen
bertso afaria egongo da Iturritxu elkartean zapatuan [urtarrilak 13].
Nerea Ibarzabal Salegi eta
Andoni Egaña Makazaga bertsolariak ariko dira kantuan, eta gaua borobiltzeko, gainera, Laja II eta Lutxurdixo trikitilariekin dantzaldia egongo da ondoren.
Jai batzordekoek azaldu dutenez, oraindik badago aukera bertso afarian parte hartzeko. Afariko txartelak Baskaran Estankoan edo Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan eskuratu daitezke, 25 eurotan langileek, eta 20 eurotan ikasle eta langabetuek.
Leku beretan eman beharko dute izena uztailaren 17ko bazkarian parte hartu nahi duten jubilatuek ere. Iturritxun batuko dira kontuak esan eta otordu goxoagaz gozatzeko.
EGITARAUA
Pala txapelketa. Jaien lehen egunean erabakiko da, bestalde, Barinagako frontoi txikiko Buruz buruko IV. Pala Txapelketaren irabazlea. 24 jokalarik parte hartu dute aurtengo norgehiagokan, eta aste honetan bertan jokatu diren finalaurrekoetan zehaztu dira azken finalista biak.
Familia guztiak parte hartzeko moduko
ibilaldia ere egingo da domekan, auzoko baserri inguruetan zehar. 10:30ean hasita pare bat ordutan egiteko moduko ibilbide erraza izango dela aurreratu dute jai batzordekoek, oraingoan Etxebarri parterantz.
Kalamua-Barinaga Jaitsiera. Iazko erantzun ona ikusita, II. Kalamua-Barinaga jaitsiera ere antolatu du Barinagako Jai Batzordeak. Proba, gainera, Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen
ranking-erako
puntuagarria izango da aurten.
I. Kalamuatik Barinagarako jaitsiera
Iaz bezala, parte hartzaileak Barinagan batuko dira, eta elkarregaz igoko dira Kalamua medira. 30 segundoko aldeagaz, bata bestearen atzetik irtengo dira erlojuaren kontrako probari ekiteko. «
10:30ean hasi dugu Kalamuarako igoera oinez, eta, beraz, aurretik etortzea komeni da, dortsalak hartzeko», gomendatu dute. Nahiz eta jaitsiera motza izan, igotzen ere denbora behar dela gogora ekarri dute antolatzaileek. «Ez da jaitsiera bakarrik, lagunarteko giroan mendi buelta elkarregaz ematea ere nahi dugu».
Erlojuaren kontrako jaitsiera
12:00etan hasiko da tontorrean, eta Barinagako frontoi handiaren aurreraino egin beharko dute korrika parte hartzaileek. Guztira,
3,8 kilometro egin beharko dituzte, 700 metroko desnibela daukan maldan behera.
Amaieran egongo da ahaleginaren saria. Parte hartzaile guztientzako jana eta edana egongo da, eta kamiseta bana izango dute opari. Horrez gain, lehenengo hiru neska-mutilentzako sariak egongo dira, eta iaz Joseba Plazak (11’59’’) eta Mayi Mujikak (14’28’’) ezarritako errekorrak gainditzen duenak 50 euro ere eramango ditu. «Oparien zozketa ere egingo da».
Barikura arte [urtarrilak 12] egongo da Kalamuatik Barinagarainoko jaitsieran parte hartzeko aukera. Horretarako, izena
Herrikrosaren web orrialdean eman behar da.
23 korrikalari egon ziren iaz, eta parte hartze hori gainditzea du helburu aurten jai batzordeak.
EGITARAUA