Azken urteetan gero eta gazte gehiago lokaletan biltzen dela ikusita, lokalen arautzeari ekitea erabaki du Lekeitioko Udalak “gazteen segurtasun eta gutxiengo osasun baldintzak bermatzeko asmoz”. Horretarako,
Lekeitioko Gazte Lokalak izeneko ekimena jarriko du martxan. Udal ordezkariek esan dutenez, gazteen ahalduntzea, entzute aktiboa eta gardentasuna oinarri izango dituen ekimena da.
Gazte lokal bat. Argazkilaria: Olatz Prat/ Urola Kostako Hitza
Udalak azaldu duenez, gazte lokalen errealitate sozialak
kezka ugari sortu ditu biztanleriarengan. “Lokalaren segurtasun baldintzak, substantzia ezberdinen kontsumoa edota jokaera arriskutsuak gerta daitezkeelako”. Hala ere, Lekeitioko Udalaren ustez, debekua eta arautegi zorrotzak ezartzea ez da bidea, eta gazteen euren parte hartzeagaz
arautegi bat zehaztuko dute. “Arautze honek ez dakar udal ordenentza zorrotz bat ezartzea, praktika onetan oinarritutako arautegia baizik”, argitu dute.
Gazteen eta udalaren arteko
hartu-eman zuzena sortu eta sustatzea ere bada ekimenaren helburua, genero ikuspegi aktibo batetik lan eginez. Horrez gain, erabiltzaile eta auzokideen lasaitasunerako, gazte lokaletan gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzea nahi dute.
Hori guztia gauzatzeko Gizarte Heziketan adituak diren
profesionalen laguntza edukiko dute. Udalak azaldu duenez, aditu horiek jarriko dira lokaletako gazteekin harremanetan.
Hilabete honetan emango diote hasiera ekimenari, eta prozesu parte hartzaileak lau hilabete inguru iraungo duela aurreikusten dute.