'Cabaret Chihuahua', Ercilla Sarietako hautagaitzen artean
Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrek eta Mitxel Santamaria gernikarrak parte hartzen duten Cabaret Chihuahua (Pabellon 6) musikalak Ercilla Sarietako hautagaitza jaso du. Zehatz esateko, ikuskizuna euskal ekoizpen onenen artean dago izendatuta. Cabaret Chihuahua-gaz batera, ondokoak dira kategoria horretako beste hautagaiak: Alicia despues de Alicia (Kabia), Crusoe (Markeliñe) eta Izar-Estrella (Marie de Jongh Teatroa). Aktoreak pozik agertu dira izendapenagaz: “Pozarren gaude albisteagaz!”.
Saridunak zeintzuk diren urtarrilaren bukaeran jakitera emango dute, eta sari banaketa, berriz, martxoan egingo da.
Ez da estreinako aldia Cabaret Chihuahua-k sariketa baterako hautagaitza jasotzen duena. 2015. urtean Antzerki Musikaletako Sariketarako hautagaia izan zen.