Gaur [urtarrilak 24] goizean atera da Mallorcarantz (Balearrak)
Txomin Juaristi Arrieta (Markina-Xemein 1995) txirrindularia. Eguenean [urtarrilak 25] hasten da bertan Challengea, eta barikuko eta domekako lasterketetan parte hartuko du. Ez daki etxera noiz itzuliko den. Handik Valentziara eta gero Andaluzia edo Murtziara joango da-eta. Txirrindulari garrantzitsuen ondoan lasterketa onak egiteko ilusioagaz abiatu da Juaristi bere bizitzako etapa berria hastera. Izan ere, profesionaletara jauzia eman eta
Euskadi Fundazioagaz ariko da aurten, 23 urteko markina-xemeindarra.
Noiz hasi zinen txirrindularitza munduan?
Kadete mailako bigarren urtean hasi nintzen, orain dela zazpi bat urte gutxi gorabehera; 15 urte edo nituela. Zesta-puntan ibili nintzen txikitan, gero futbolean hasi nintzen, eta azkenik, txirrindularitzan. Nire kuadrillako Iosu Angoitia lehendik zebilen txirrindularitzan eta Berangoko taldera joan zen, eta nik ere beragaz batera eman nuen izena. Eskerrak eman behar dizkiot, beragaz hasi nintzen-eta. Gero berak utzi egin zuen eta nik aurrera jarraitu dut.
Berangoko taldean, beraz, txirrindularitzari gustua hartzen joan zara.
Ezelako helburu barik eman nuen izena. Aitonaren garajean nuen bizikleta eta inoiz joaten nintzen Ixuara goiza pasatzera, eta animatu egin nintzen. Taldeak kadete, gazte eta afizionatu mailak ditu eta bertan egon naiz aurreko urtera arte.
Maila onean ibili zinen iazko denboraldian Baque taldeagaz. Garaipen bat eskuratzeagaz gainera, aurrean ibili zinen lasterketa garrantzitsu askotan.
Orain dela bi urte ere ondo ibili nintzen, baina lasterketetan buru barik irteten nintzen. Iaz hobeto ibili nintzen. Nire prestatzaile eta inguruko jendeari esker asko ikasi dudala esan beharra daukat.
Afizionatu mailak ere gogorra dirudi.
Profesionaletara ailegatu nahi baduzu, afizionatu mailan ere ia-ia profesionalen mailako bizitza izan behar duzu. Zure egunerokotasuna entrenamenduan oinarritzen da, eta ezin zara lagunekin gauez atera, janaria zaindu behar duzu…
Profesionalen mailarako jauzia eman duzu orain. Zelan sortu zitzaizun aukera?
Murias taldeagaz Volta a Portugal eta Tour du Doubs egin nituen iaz, eta euren deiaren zain egon nintzen, baina ez zidaten deitzen. Bizikleta uzteko zalantzan ere egon nintzen momentu batean. Eta horrela, nahiko etsita nengoen aste batean Mikel Landak deitu zidan. Talde bat ateratzera zihoazela esan zidan, eta talderako egokia nintzela-eta ea parte hartu nahi nuen galdetu zidan. Lehenengotik esan nion baietz. Horrelako aukerak gutxi ematen dira, eta gainera Mikel Landak berak deitzeak konfiantza ematen dizu.
Ezustekoa izan zen, beraz.
Talde bat ateratzekoak zirela entzun zen, baina ez zegoen ezer ziurrik. Landak deitu zidan eta handik aurrera lasaiago egon nintzen. Hala ere, kontratua sinatu arte ez zara guztiz trankil sentitzen.
Txomin Juaristi Arrieta txirrindularia.
Ekipamendu guztia badaukazu. Entrenamenduekin zelan?
Barikuan hasten dut denboraldia Mallorcan, eta topera egon behar naiz. Afizionatu mailako bigarren urtetik entrenatzaile berdinagaz nabil Alex Diazegaz. Aurten Jorge Azanzagaz ere prestatzeko aukera eduki dugu bera da taldeko zuzendaria, baina Alex Diazegaz gustura nabil eta beragaz jarraitzen dut. Berak prestatu nau eta asko irakatsi dit.
Txirrindularitzako figura handiekin aurkituko zara orain pelotoian.
Idoloekin. Nire nagusia den Mikel Landagaz hasi eta beste txirrindulari garrantzitsu askogaz.
Zeintzuk lasterketa egin behar dituzun badakizu?
Hasiera batekoak bai. Mallorcan egingo ditut bi egun, gero Vuelta Valencia eta printzipioz ondoren Vuelta Alentejo martxoan. Epe horretara arte daukat zehaztuta. Entrenatzaile eta zuzendariek erabakiko dute ondoren zer egin, zelan nabilen ikusita.
Profesional mailara heltzea espero zenuen?
Ez. Kadeteetan Angoitiagaz hitz egiten egoten nintzen profesional mailari buruz. Amets bat zen guretzat, eta ezinezkoa begitantzen zitzaigun heltzea. Batez ere urteak aurrera egin ahala gero eta gaitzagoa ikusten genuen. Orain mantendu egin behar lortutakoa.
Zer espero duzu orain?
Profesionalen bizitza erreala. Denbora asko etxetik kanpo esate baterako. Orain arte Euskal Herrian ibili naiz gehiago eta etxera itzultzeko moduan joan eta etorri.
Ametsak aitatuta, ze lasterketa egitea gustatuko litzaizuke?
Lehenengo Euskal Herriko Itzulia egitea gustatuko litzidake bakarrik Ixua igotearren. Familia eta lagunak bide bazterrean animatzen ikustea pozgarria izan behar da. Aurten ere izan ditut lehengusuak bide bazterretan animatzen eta eskertzen da.
Zenbat denborarako kontratua sinatu duzu?
Datorren urtean taldea mailaz igo nahi dute eta momentuz, beraz, urte beterako. Ea datorren urtean beste bat edo gehiago jarraitzea lortzen dudan.
Etorkizuna zelan ikusten duzu?
Kadeteetan profesionaletara heltzea gaitza zela ikusten nuen moduan, orain, gaitza ikusten dut adibidez Amets Txurruka bezala Tour bat egin eta borrokalariena izanda podiumera igotzea. Arreta momentuari jarri behar diodala uste dut, momentuko helburuak bete eta aukerak etortzen badira aprobetxatu.
Etxekoek zer esan dizute?
Amari txirrindularitzan izena ematera nindoala esan nionean, lasterketa batera ere ez zela etorriko esan zidala gogoratzen dut, eta orain denetara etortzen da. Italia, Belgika eta Portugalera ere etorri da, bai eta aita ere. Oso pozik daude.