Joan den asteko partidak bertan behera geratu ostean, berriz ere martxan egongo da asteburu honetan Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa. Kantxan
hezetasuna zegoela eta, jokatu barik gelditu ziren joan den domekako partida guztiak.
Hezetasuna
urteroko gaitza dutela nabarmendu dute txapelketaren antolatzaileek. “Urtero hainbat kalte eta ezinegona sortzen digu, jokalariek kilometro asko egiten dituzte eta gero jokatu ezinik geratzen dira”.
Udalari eskaria egina daukatela azaldu dute, eta gutxienez, zorua pintura berezi bategaz
margotu nahi dute horrelako eragozpenak ekiditeko. “Auzolan erara pintatzeko ere prestatu gara, eta naiz eta arazoa guztiz ez konpondu, egun batzuetako labainkortasuna kenduko lukeela uste dugu”.
Foster eta Jaunarena, Kalzakorta epailea eta Telleria eta Conde Lekeitioko trinketean. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Domekako partidak. Hirugarren jardunaldian, bigarrenerako aurreikusita zeuden partida batzuk jokatuko dituzte, eta ohi bezala 09:30ean hasiko da jokoa domekan [urtarrilak 28]. Lehenengoak kantxara irtetzen
Kaltzakorta-Bastida eta
Beraza-Etxebarria bikoteak izango dira. Arrate min hartuta dagoela azaldu dute antolatzaileek, eta beraz, Debako Bastidak hartuko du Lekeitioko pilotariaren lekua.
10:15ean
Asti-Egaña eta
Pradera-Gandiaga bikoteen arteko norgehiagoka hasiko da. Partida polita eta orekatua izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. «Gazteak oso ondo aritu ziren lehen jardunaldian, baina Astigarraga beteranoak ofizio asko dauka eta tantuak bizkor amaitzen saiatuko da».
11:00etan jokatuko da azken partida;
Moral-Laka eta
Jaunarena-Foster bikoteen artekoa. Partida berdindua izango da antolatzaileen ustez. Artista bi egongo direla aurrez aurre esan dute.