Lagunak izateaz gain, musika barru-barrutik sentitzen duten musikariak dira Skakeitan taldeko kideak. Hamar urte pasatu dira taldea sortu zutenetik, eta gorabeherak tarteko, inoiz baino indartsuago daudela diote. Barikuan [urtarrilak 26]
Ondarroako Beikoizinin ariko dira,
23:00etan, Sustrajah Band taldeagaz batera. Pello Armendariz Anduaga (Donostia, 1991) Skakeitaneko abeslariak taldearen bilakaeraz hitz egin du.
Lea-Artibain eta Mutrikun kontzertuak eskaini izan dituzue. Zer nolako plaza da eskualdea hau?
Plaza ona da. Egon garen guztietan oso erantzun ona eduki izan dugu, eta beti gustura aritu izan gara.
2008an sortu zineten. Ordutik, maketa bat eta hiru disko argitaratu dituzue. Hamar urtean zer nolako eboluzioa eduki duzue?
Nik esango nuke eboluzioa nahikoa progresiboa izan dela. Bost abestigaz osatutako maketa bategaz hasi ginen. Gainerako abestiak garai hartan gustatzen zitzaizkigun taldeen bertsioak ziren. Gerora, 2010 aldera, taldearen berregituraketa bat gertatu zen. Kide batzuk utzi egin zuten, tartean abeslaria zenak. Orduan ni gitarra jo eta koruak egitetik abeslari izatera pasatu nintzen, eta Olatz Salvador eta Gorka Valcarlos –Aitor Valcarlosen anaia– sartu ziren.
Kideak aldatzeaz gain, musikari dagokionez ere beste jauzi bat eman zenuten. Ezta?
Hala da. Izan ere, kideak aldatzeaz batera, pentsatu genuen gure musikan ere horrek bere isla eduki behar zuela. Eta horrela sortu zen
Ahots gabekoen ahotsa 2012. urtean. Gerora, emandako kontzertuekin eta musikatik ikasitakoagaz, gure gustuak ere aldatzen joan dira. Hala,
Orekariak (2014) atera genuenean nolabaiteko jauzi kualitatibo bat eman genuela esan ahal da; bigarren lan horregaz lehenengo diskotik aldendu egin ginen.
Skakeitan taldeko kideak. Argazkia: Mauka Musikagintza
Adinean aurrera egitearen ondorioz izan zen hori?
Lehenengo diskoa atera genuenean 18 urte inguru genituen, eta
Orekariak plazaratu zenean 22 urte inguru. Bigarren lan hori beste perspektiba bategaz egin genuen. Bai abestien letretan eta baita musikan ere nabari zen hori. Nik uste dut aldaketa onerako izan zela. Horren atzetik Mauka diskoetxeagaz single bat atera genuen, eta horretan guk edukitako garapena antzematen zen.
Eta duela bi urte Galera zuen azken lana kaleratu zenuten.
Galera orain arte egin dugun bidea borobiltzen duela iruditzen zait. Azken disko horrek ikutu helduagoa daukala esan ahal da. Abestiak egiten hasten zarenean hasieran intuizioz egiten duzu, gerora, esperientziagaz, bestelako abestiak egiten dira.
Azken lan horregaz asetuta geratu zineten?
Bai. Nik uste dut
Galera gehien asetu gaituen diskoa izan dela. Batzuetan gertatzen da, diskoa atera eta denbora gutxira entzun ostean gauza batzuk aldatu nahi izatea. Azken lan horregaz, ostera, ez zait aurrekoekin bezain beste gertatu.
2015etik aurrera Benicassimen (Valentzia), Europako reggae jaialdi garrantzitsuenean, Tokion (Japonia) eta Suitzan ere ibili zarete. Bira horiek zer nolako esperientzia izan dira?
Modu batera edo bestera, toki horietan guztietan kontzertuak eskaintzeko gonbidapenak jaso izana errekonozimendua dela deritzot. Uda honetan bigarren aldiz egon gara Benicassimeko Rototom Sunsplash jaialdian. Pertsonalki reggaea asko gustatzen zait, eta nahiz eta Skakeitanen musika hain purista ez izan, guretzako plazerra izan da jaialdi horretan ere parte hartzea.
Taldeko kideok familia bat bezala zaretela diozue. Hara eta hona ibiltzeak ere horretara bultzatu zaituzte?
Ezer baino lehenago, gu lagun talde bat gara. Ez gara espreski musikagatik elkartu, eta uste dut harreman hori berezia dela. Ordu asko pasatzen ditugu elkarregaz, entsegatzen, konposatzen, asteburuetan kontzertuak eskaintzerakoan… Horrek guztiak ere gure arteko harremana estutzen lagundu du. Noski, horrek ez du kentzen edozein lagunartetan egon ahal diren gorabeherak ere edukitzen ditugula.
Zuzenekoetan daukazuen energia sekulakoa dela diote entzuleek. Zerk egiten zaituzte hain bereizgarri?
Musikazale peto-petoak gara, eta musika bizitzeko modu bat daukagu. Barruan daramagu musika, eta sentitu egiten dugu. Agertokira igo eta publikoagaz batzeak ere bere ezustekoa dauka, eta horrek ere laguntzen du.
Zein da inoiz ahaztuko ez duzun kontzertu bat?
Asko izan dira, eta zaila da bat aukeratzea. Alde batetik, eskaini genuen lehenengo kontzertua. Gero, taldea berregituratu zenean, Donostiako Piraten maketa lehiaketara aurkeztu ginen, eta finalera iritsi ginen. Sari bezala, Donostiako jaietan Kortxoenean aritzeko aukera eduki genuen. Bederatzi hilabete inguru generamatzan kontzerturik eskaini barik, eta han zeuden gure lagun, senide eta ezagunak; gaztetxea bete-beteta zegoen.Kontzertu hura oso berezia izan zen. Manu Chaogaz Zurriolan eskaini genuen kontzertua ere berezia izan zen.
Inoiz Skakeitan entzun ez duen bati nola egingo zenioke gaur Ondarroara joateko gonbitea?
Denaren gainetik, Ondarroakoa kontzertu berezia izango da. Aurreiritziak albo batera utzi eta aukera bat emateko esango nioke, ez duela ezer galduko. Eta, bide batez, asteburua indartsu hasteko aukera ere edukiko duela gaineratuko nioke.