Tknika-ren proiektu berrian parte hartuko du Lea Artibai Ikastetxeak
Tknika-ren (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa) Garapen Jasangarriko alorrak ekonomia jasangarria sustatzeko sortutako proiektu berrian parte hartuko du Lea Artibai Ikastetxeko Elikagaien Teknologia arloak. Derioko Nekazaritza eskola eta Leioa, Artxanda eta Galdakaoko ostalaritza eskolekin batera jardungo dute elkarlanean proiektua aurrera eramateko.
Proiektuaren helburua, alde batetik, ikastetxe ezberdinen arteko harremanak sustatzea dela jakitera eman du Markina-Xemeingo ikastetxeak. Bestalde, ekonomia zirkularraren alorreko esperientzia pilotu bat martxan jarri nahi dute, beti ere elikaduraren garrantzia kontuan hartuta.
Proiektu horren baitan, bi elikagai prestatuko dituzte Lea-Artibai Ikastetxean. “Elikagaietako bat, Derioko Nekazaritza Eskolatik jasotako kiwi freskoak izango dira, Lea Artibai Ikastetxean liofilizatuko -izoztuz deshidratatu- direnak. Bigarrena, ostera, 3D inprimagailu batekin egindako txokolatezko bonboiak”, azaldu dute.
Menua. Lea Artibai Ikastetxean ekoiztutako produktuez gain, Leioa, Artxanda eta Galdakaoko ostalaritza eskoletako ikasleek ekonomia jasangarrian oinarritutako menu bat osatu dute, Nekazaritza Eskoletatik zuzenean jasotako sasoiko produktu freskoez baliatuta, eta aste honetan dastatu ahal izango da menua, hiru ostalaritza eskoletan.
“Proiektu honi esker, ikastetxe ezberdinetako irakasle eta ikasleak elkarlanean arituko gara egindako lana elkarri aurkeztuz. Gainera, kasuan kasu, landutako prozesuen nondik norakoak aurkezteko elkar bisitatzea dago aurreikusita”, zehaztu dute. Erronka berriak, elkarrengandik ikasi eta ekonomia jasangarria elikaduragaz uztartzeko balioko dietela nabarmendu dute.