Por fin lo se eleberria kaleratu berri du Amaia Olasolo Larrinagak. Norbere mugak gainditu eta berrasmatzeaz ari da bere lehen lanean.
Zelan sortu zitzaizun liburua idazteko ideia?
Orain dela urte asko nabil jakin nahirik zertarako jaio naizen, liburuaren izenburuak dion modura nire bizitzako xedea zein den aurkitu nahirik. Sinistu edo ez sinistu, denok jaio gara gauza bat egiteko, behar bat edo zeregin bat. Hori lanori egiten dugu beste edozeinek baino hobeto, eta bakoitzak berea dauka. Mila gauza izan daitezke, eta guztiontzat eginkizun horrek besteei laguntzea du helburu, azken finean, besteei lagunduz zure buruari laguntzen diozulako. Kontua da ni urte asko nabilela xede horren bila, eta behar askotan egon naizen arren, beti beste gauza baten bila ibili naiz, baina ez nekien zer nahi nuen ere.
Liburu honegaz besteei lagundu nahi diezu, orduan?
Beti bizi izan dut abentura askoko bizitza bat, beste batzuk baino askoz gehiago arriskatu naiz, horregatik gauza asko txarto irten zaizkit, eta beste batzuk ondo ere bai, baina askotan txarragaz gelditzen zara gehiago. Gauza askogaz asko sufritu dut, eta beti nahi izan dut nire esperientziagaz beste pertsona batzuei laguntzea. Zelan lagundu zen gakoa. Egia esan, norberak pasatu behar ditu etapa batzuk, bakoitzak bere bidea egin behar du, eta gomendioak eman diezaiokezu bakarrik hobeto ateratzeko. Besteei zer eman pentsatuz hasi nintzen idazten, eta, azkenean, terapia bat ere izan da. Nobela bat da, baina kontatzen ditudan gauza asko egiak dira, niri edo nire ingurukoei gertatutakoak.
Nori zuzenduta dago liburua?
Mila bider galdetu diot nire buruari zeini interesatu ahal zaion. Ez nuen nire lagunentzat edo nire familiarentzat idatzi nahi, hogei unitate inprimatu, eta kitto. Edozeinentzat dago idatzita, baina, batez ere, emakumeentzat, oraindik ere gaitzago daukagulako. Gizonen mundu baten hezita gaude, eta emakumeen gauza on asko txarto ikusita edo gutxietsita daude, atera behar ditugun eta indartu behar ditugun gauza on asko.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Irakurtzeko erraza da, oso arin irakurtzen da. Niri ez zaizkit oso liburu korapilatsuak gustatzen, uneoro hiztegia alboan behar duzunak ulertzeko. Nire ametsa jende askorengana heltzea eta hemen azaltzen diren egoerak bizi izan dituzten pertsonei esperantza eman edo laguntza txiki bat ematea da, bizitza beste era batean ikustarazteko. Gezur asko esan dizkigute: ezin da lortu dena bizitzan, behar honetan egon zaitezke bakarrik, uzten baduzu gero ez dago ezer ere ez… Bizitzan nahi duzun guztia lor dezakezu, baina sinistu egin behar da, ez hori bakarrik garbitu egin behar dituzu konturatu barik barruan dauzkazun eta mugatzen zaituzten sinisteak. Txikitatik esaten badizute bakarrik ingeniaritza edo enpresen zuzendaritza ikasi behar duzula, nahiz eta zuk tronpeta jotzailea izan nahi, hori gelditzen zaizu barnean. Ona zaren gauza ondo egiten duzu, eta ondo egiten duzun horretan ona zara. Umetatik konturatu behar gara bakoitzak ze talentu duen, zertan den ona, eta hori lantzen lagundu behar diogu.
Amaia Olasolo Larrinaga
Argitaletxeren bategaz lan egin duzu ala zure kontura?
Autoedizioa izan da azkenean. Argitaletxe handietara jo nuen hasieran, eta ezaguna ez bazara gaitz daukazula esan zidaten, eta, gainera, hiru edo lau hilabete itxaron behar dituzula eskuizkribua irakurri arte. Ez nuen horrenbeste itxaron nahi. Banekien azaroan edo amaituko nuela, eta liburua kaleratu egin nahi nuen Gabonetarako. Hala, abenduaren 31n askatu nuen. Urte berria bizitza berria hastea da niretzako, eta zer edo zerk esaten zidan urte amaitu aurretik utzi behar nuela. Bestalde, autoedizioko argitaletxeak ere badaude, baina zuk egin behar duzu gehiena, eta kopuru batzuk ordaindu behar dira zerbitzuko. Ez zidan ardura ordaintzea plangintza on bat eginez gero, baina autoedizioko argitaletxeek ez zidaten eskaintzen gauza gehiegirik. Gainera, inprentak ezagutzen nituen, eta, beraz, dena nik egitea erabaki nuen. Harro nago, asko ikasi dut, eta ez naiz damutzen, ez daukat bitartekaririk, eta Amazon plataformaren bidez ere saltzen dut. Aste honetan 100 unitate hartu ditut niretzat, zuzenean saltzeko, eta beste toki batzuetan saltzen ere ahaleginduko naiz.
Lehen liburua izanik, zelako harrera izango duela uste duzu?
Eduki askoko liburua da, eta jendea harritu egingo dela uste dut. Nik nahi dudana bihotza ukitzea da. Liburua zuzena da, pertsonaiaren bitartez nik sentitu dudana kontatzen dut. Kontakizunagaz bat egingo du jendeak, eta hori da lortu nahi dudana, irakurleari zirrara eragin eta bihotzera heldu, bihotzetik idatzita dagoelako.
Zein da protagonista?
Mathilde Denoir izeneko emakume frantses baten historia kontatzen da. Azken hamar urteak daramatza bere bizitzaren xedea aurkitu nahirik. Bere abentura ezberdinak kontatzen dira, jomuga aurkitzen duenera arte. Mugak gainditu eta berrasmatzeari buruzko istorio bat da, eta, era berean, askatasunari buruz eta errespetuari buruz ere hitz egiten du. Bizi zure bizitza zure erara, aurreiritziak gainditu eta eduki ausardia zure bizitza zure erara bizitzeko, eta izan zoriontsu.
Aitatu duzu liburua terapia bat ere izan dela zuretzat.
Nik egin nuen bezala, Matildek ere bitxitegi bat zabaltzen du, eta itxi egin behar duenean zelan sentitzen den kontatzen du. Ni ere hala sentitu nintzen, «eta orain zer», galdetu nion nire buruari. Enpresa ilusio handiagaz muntatu nuen, gauza oso politak egin nituen, inoiz egingo nituela imajinatu ere ezin nituenak, eta nire buru, nire esku eta nire sormenagaz sortu nituen. Beraz, ixterakoan burumakur gelditu nintzen, eta liburuan kontatzen dudan moduan dolu bat igaro beharko nuela esan zidaten, eta hala izan zen. Azkenean, zure enpresa zarratzen duzunean pertsona bat hiltzen zaizunean modura dolu bat igaro behar duzu. Hainbat galdera etortzen zaizkizu burura, eta euretako bat, «eta orain zer» izaten da. Berrasmatu egin behar zara, eta orain zer nahi dut egin erabaki. Liburua idaztea oso esperientzia polita izan da, eta orain zer hausnarketa horretatik sortu zena. Ez dut uste idazten ariko naizenik bakarrik, baina uste dut nire bizitzako xederako osagarri bat edo erreminta bat izango dela.
Bigarren liburu bat idazteko asmorik badaukazu?
Buruan daukat bigarren liburua ere. Gogo handia daukat idazteko. Desberdina izango da, baina antzekoa. Bigarrena fantasiaren bidetik joango da gehiago, baina lehenengoak bezala barne indar horretaz hitz egingo du. Konturatzen bagara umeentzako liburu askok Por fin lo se-k eta hurrengo liburuak izango duen mezu bera izaten dute. Zuk nahi duzunaren atzetik zoazen bidaia bat izaten da, zure buruaren aurka egin behar duzu borroka, zure mugak gainditu behar dituzu, eta zure benetako izaera atera behar duzu, barne indarra. Barne indar hori denok daukagu, baina sarritan barruan ahaztuta eta ezkutuan egoten da gizartearen eraginagatik. Bigarren liburua, beraz, abentura eta fantasiako historia bat izango da, eta emakume bat izango du protagonista, noski.