Giro ederrean ospatu dituzte gaur [urtarrilak 27] , San Bizente jaiak, Aulestiko Narea auzoan. Eguraldi freskoa egon bada ere, aterri egin du, eta aukera hori aprobetxatu dute askok, jaiekin gozatu asmoz, auzora hurbiltzeko. Bide bazterrak autoz bete dira, baina herrigunetik oinez ere igo dira batzuk.
Urtero modura, San Bizente ermitan egin den mezaren ostean, umeen jolasak egon dira. Umeek, beti-betiko jolasetan jarduteko aukera izan dute, txokor batzen eta zapi harrapaketan. Txikiak lehenengo eta handitxoagoak gero, gustura ibili dira jolasean. Amaieran, gainera, oparitxoa egon da guztientzat.
Umeen jolasak Narea auzoko San Bizente jaietan.
Jolasak amaitu eta berehala, bi zaldiren arteko dema hasi da. Aulestiko Ubillotsen Titan zaldia eta Munitibarko Motrolloren Lucy neurtu dira. Artia harriagaz 20 minutuko saio bana burutu dute.
Probagaz hasten lehenengoa Aulestiko Ubillotsen zaldia izan da. Madari eta Joseluren laguntzagaz 74 untze eta 88 zentimetroko marka ezarri du. Ondoren ailegatu da Munitibarko Motrolloren zaldiaren txanda. Proba erdian 40 untze eraman ditu, eta beraz, Titan baino aurretik zebilela ikusi da. 54 untzeak esate baterako 13 minutu eta 34 segundoan lortu ditu Lucyk, Titanek ostera, 14 minututan.
74 untze osatu ditu Motrolloren behorrak minutu baten faltan, eta beraz, argi gelditu da manta beretzat izango zela. Hala ere, gogor jarraitu dute aurrera. Azkenean, 78 untze, 6 metro eta 62 zentimetro egin ditu Urko Pagoaga eta Agarreren laguntzagaz.
Narea auzoko jai batzordeko kidea Motrollori manta ematen.
Erakusketa. Auzoko baserri, etxe eta bizilagunen argazki erakusketa bat ere egon da ikusgai gaurkoan. Etxerik etxe ibili zirela auzoko argazkizale bi jakitera eman dute Nareakoek. Hala, Etxebarri, Bengo behetikoa, Arkoide, Uribarren, Goiti barri, Aldekoa, Goiti, Kerizeta, Leizarra goikoa, Arane, Aranbeaskoa, Idoeta, Uriguen, Uriarte, Loperena , Leizarra bekoa eta San Bizente ermita bera ere ikusgai egon dira taula bitan kokatutako argazkietan.
Urtero bezala, tabernatxoa ere jarri dute Narea auzoko jai batzordekoek Narea Goitiko baserriaren sotoan. Mokadutxoa eta salda beroa hartzeko aukera egon da bertan, auzoko trikitilariek alaitutako giroan. Bertan jokatu da arratsaldean Briska Txapelketa. Danetara 16 hirukote ibili dira jokoan, eta sari nagusia Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarko Jabier, Mari Tere eta Felik osatutako hirukoak eraman du.
Atzo, berriz, Mus Txapelketa egon zen, eta 19 bikote aritu ziren jokoan. Berriatuko Susteta eta Altxu izan ziren irabazleak, bigarren saria, ostera, auzoan gelditu zen; Jose Luis Omar eta Jabier Bengoetxea izan ziren azpitxapeldunak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.