Lekeitioko Udalak Musika Eskola Gazteguneko eraikinera lekualdatzeko asmoa dauka. Gaur egun eskolan ikasten ari diren
300 ikasle inguru bi eraikinetan banatuta daudela jakitera eman dute –eskoletan eta Nautikan–, eta beraz, guztiak batera egoteko, Gaztegunea dela ikusi dute aukera posiblea.
“Gaztegunea zapatu eta domeka arratsaldeetan erabiltzen da, eta egoitza ezberdinak aztertzen ibili ondoren, eraikin berean gauza biak egitea posible izango zela pentsatu genuen”, azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Lekeitioko Gaztegunea.
Liburutegia gaztegunera bidali eta musika eskola kultur etxean ezartzea ere aztertu zuen udalak, herriko beste musika taldeetatik hurreago egoteko, baina Gazteguneko eraikinak arkitektonikoki ezin dezakeela liburutegiak duen pisua eutsi azaldu du alkateak, eta beraz, asmo hori bertan behera utzi zuten.
Hala, Gazteguneko eraikinean kokatuko dira biak, Gaztegunea eta musika eskola, eta horretarako
eraikina egokitu egin beharko dute. Lan horrek 260.000 euroko inbertsioa beharko du, eta beraz, zatika egiten joatea da udalaren asmoa. “Aurten lehenengo zatiagaz hasiko gara. Gazteguneak atzeko partean duen
terraza itxiko dugu lekua irabazteko”.
Eraikina banatu egingo dute erabilera berriari lekua egiteko. Beherengo solairuan eta bigarren solairuan Gaztegunea kokatuko da, eta lehenengo eta bigarren solairuak hartuko ditu musika eskolak aste barruan. “Lehenengo solairua banatu egingo da eta bertan gelak kokatuko dira”, zehaztu du alkateak. Goiko partean, berriz, emanaldi txikiak egiteko moduko areto zabal bat utziko dute. “Erabilera anitzerako gela izango litzateke”.
Eraikina 2019-2020 ikasturterako amaituta egotea espero du udalak. Aurtengo lanak, berriz, ekainean eta irailean egiten saiatuko direla aurreratu dute, erabiltzailerik ez dagoenean.