Ume eta gazteen osasunaz jardungo dute Lekeition
Ume eta gazteen osasunari buruzko hitzaldia emango du Txabi Txakartegi pediatrak barikuan [otsailak 9] 19:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Lekeitioko Eskola Publikoak 27. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren harira antolatu du Ume eta gaztearen osasuna: elikadura, kirola eta higienea hitzaldia, eta sarrera doakoa izango da, lekuak agortu arte.
Xabier Txakartegi lekeitiarrak, ibilbide profesional guztia pediatriaren esparruan burutu du. Bere jarduera profesionaleko lehen urteetan Donostian eta Abadiñon egon bazen ere, azken 34 urteak Gernika-Lumoko Osasun Zentroan eman ditu. EHUtik doktoratu zen Umearen pisu sobera, eskuhartzea lehen mailako pediatrian tesiagaz, eta 2016an, ibilbide profesionalari amaiera eman badio ere, jubilatu bai baina erretirorik ez du hartu, izan ere, hainbat talde eta proiektutan parte hartzen jarraitzen du..