Victor Küppers izango da aurten Ilusio Ponpak jardunaldiko protagonista
Eguenean [otsailak 8] ospatuko da Lea Artibai Ikastetxeak antolatzen duen Ilusio Ponpak jardunaldia ikastetxeko Esperantza eraikinean, Markina-Xemeinen, eta 11:30etik 13:00etara bitartean enpresengan baikortasuna eta motibazioa sustatzeaz arduratuko da Victor Küppers gogo bizi sustatzaile eta dinamizatzaile ezaguna Jarrera Efektua izeneko solasaldiagaz.
Küppers Holandan jaio zen, Eindhoven-en hain zuzen ere, baina gaur egun Camprodon (Katalunia) eta Bartzelona artean bizi da. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta Doktorea Humanitateetan. Hezitzaile eta hizlari lanetan dihardu gaur egun, eta irakaslea da Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitatean. Horrez gain, Barna Consulting Groupeko lehendakariordea eta IESE Bussines School-eko irakaslea ere izan zen.
Lea Artibai Ikastetxekoek azaldu dutenez, Küppersek eskainiko duen jarreraren inguruko hitzaldiaren helburua, entzuleak poztasun, ilusio eta baikortasun gehiagogaz bizitzea eta jarrera horregaz lan egitera bultzatzea da. “Horretarako, euren motibazioa piztuko da, uneoro, solasaldian, Küppers-ek iradokiko dituen hausnarketen bitartez”.
Ikasleentzako saioa. Enpresetako beharginei zuzendutakoa, baina, ez da Victor Küppers-ek Lea Artibai Ikastetxean eskainiko duen saio bakarra izango. Küppers-ek azaltzen duenez, asko dira gurasoei Familian irrikaz bizi konferentziak emateko deitzen dioten eskola eta hezkuntza zentroak, eta beraz, Lea Artibai Ikastetxean ere horrelako saio bat izateko aukera edukiko dute. “Bigarren saio horretan ikasleek eta irakasleek soilik hartuko dute parte, jarreretan trebatzeko jardunaldi bat izango da”, azaldu dute ikastetxeko arduradunek. Saio biak jada beteta daude, eta jende asko erreserban geratu dela aitatu dute ikastetxekoek.
Victor Küppers-ek ez dela jakintsu bat dio bere lanaz hitz egiterakoan, jakintsuen testuak irakurri eta ideia edota ikasgai azpimarragarrienak jendeari helaraztea gustatzen zaiola argituz. Burutzen duen lanaren bitartez, jendeari balio eta printzipio gizatiarrekin lan egitea erraztea duela helburu nabarmentzen du.
Lea Artibai Ikastetxeak antolatzen duen zazpigarren Ilusio Ponpak jardunaldia izango da aurtengoa. Elsa Punset, Alex Txikon, Alex Rovira edo Anne Igartiburu bezalako aurpegi ezagunak egon dira aurretik, euren bizipenak kontatzen. “Besteak beste, euren lan esperientzian izandako oztopoak eta horiei nola egin dieten aurre azaldu zuten, hori baita Ilusio Ponpak jardunaldien helburua, jendeari arazoen aurrean ikuspegi baikor bat transmititu eta motibazioa sustatzea”.