Herritarrek azken hilabeteetan erakutsitako elkartasuna eskertu du Ispasterko Udalak
Azken hileotan zenbait ekimen solidario burutu dituzte Ispasterren, eta horietan herritarrek emandako erantzuna eskertu eta goraipatu dute udaletik.
Hain zuzen, Sahararen aldeko janari eta erropa bilketa egin dute otsailean, eta santa eskean lortutako dirua ere dohaintzan emango dute. Era berean, Ispasterko Udalak, Ispasterko elizak, Lekeitioko Aizpa Dominikak, Erabil enpresak eta Gurutze Gorriak elkarlanean beharrizana duten pertsonei lagundu asmoz, janari bilketa egin zuten abenduan.
“Saharara bidaltzeko janari eta arropa asko jaso ditugu. Denbora gutxian bi deialdi egin ditugu–bilketak–, eta herritarren partetik biek erantzun ona izan dute, eta eskertzekoa da”, adierazi du Garbiñe Saez de Buruaga Ispasterko alkateak.
Oraindik ez dute data zehatzik baina bildutakoa Saharara laster bidaltzea espero dute. Izan ere, Lea-Artibai eskualdeko hainbat herritan udal edo elkarte ezberdinek jasotakoa batera bidaltzea da asmoa. Hala, alkateak zehaztu duenez, arropak Farsiako herritarrentzat dira; bi herriak senidetuta daude.
Azken urteotan egin dituzte aipatu ekimenak, eta urtez urte duten elkartasuna erakutsi dute ispastertarrek.
Halaber, domekako santa eskean 1.400 euro batu zituztela azaldu du alkateak. Herri txiki baterako “kopuru polita” da, eta oso pozik daude. Batutakotik 700 euro gaixotasun arraro bat daukan Maialen Aulestia lekeitiarrarentzat da.
350 euro herriko?Ipargorri Kirol Elkarteari emango dizkiote, eta beste 350 euroak auzo lanean udalerriko iturriak berreskuratzeko lanean dabilen taldeari emango dizkiote, behar duten materiala ordaintzen laguntzeko.