Herriko eta kanpoko landara eta lorezaintza zaleen topalekua izango da, aurten ere, Markina-Xemeingo Plazabarripea. Urtero izaten duen arrakasta ikusita, Zuhaitz, landare eta baserri tresneria azoka antolatu dute beste behin, Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak. Zuhaitz eta landareen
hamaika mintegi eta
baserri lanabesen saltzaile bat aurkituko dituzte guztira, zapatu goizean [otsailak 10] Zelaiaren goiko parteko gunera hurreratzen direnek.
10:00etan emango zaio hasiera azokari, eta 14:00ak arte egongo da zuhaizka, fruta arbola, sasoiko lore, iratze, kaktus edota landara txikiak ikusi eta erosteko aukera. Aurten ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako mintegiak batuko ditu azokak. Hala, Markina-Xemeinen egongo dira Usurbilgo
Aranburu mintegia eta
Urtinea Lorategia, Iurretako
Ortuberri, Igorreko
Artadi, Zaldibarko
Areitio eta
Belar, Gatikako
Etxebarria, Zarautzko
Lurberry mintegia, Balmasedako
Balmaseda Activa, Muruetako
Murueta Lorategia eta Bakioko
Iturriaga.

Markina-Xemeingo zuhaitz eta landara azoka.
Baserri tresnak eramango ditu azokara, bestalde, Lezamako
Aurtenetxek, eta bere ondoan izango ditu landareen munduagaz harreman estua duten beste zenbait produktu ere salgai edukiko dituzten lau artisau: Larrabetzuko
Eskulore (Lore sikuak), Lasarteko
Ines Flores (Haziak), Karrantzako
Samuel Cano (Artisau loreontziak) eta zura lantzen duen
Igor Unanue Osoro Araban bizi den eibartarra.
Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko eta inguruetako ekoizleen produktuak eskuratzeko parada ere emango du azokak. Denetara, hamabi ekoizle egongo dira euren produktuak eskaintzen:
- Ardi gaztadun ekoizle bi: Santamañe (Markina-Xemein) eta Barroeta (Markina-Xemein)
- Ahuntz gaztadun ekoizle bat: Larruz gazta (Markina-Xemein)
- Sagardo eta txakolin ekoizle bat: Axpe (Markina-Xemein)
- Gernikako indaben ekoizlea: Juan Pedro Gallastegi (Elorrio)
- Ogigintza eta gozogintzako hiru ekoizle: Mañeko Azpi (Mallabia), Meabeko Ogixe (Markina-Xemein) eta Labegur (Berriatua)
- Eztigile bat: Jesus Martinez (Zeanuri)
- Ahatekien ekoizle bat: Pates Eskuola (Mungia)
- Errioxar jatorri izendapeneko upategi bat: Bodegas Solana de Ramirez (Abalos)
- Marmelada ekoizle ekologiko bat: Xabier Alonso Beltzitina (Arabako Ibarrak)
Guzti horregaz gainera, jan eta edaneko postuak ere egongo dira azokan. Horrela, azokazaleek taloa, sagardoa eta txakolina erosi eta dastatzeko aukera edukiko dute.