Asteburu honetan ere, jokatu ezinik gelditu dira
Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako partiduak. Bi partidu iragarri zituen domekarako [otsailak 11] antolakuntzak, baina azaldu dutenez, ezin izan zituzten jokatu “hezetasunaren ondorioz zorua bustita zegoelako”. Egoera oso kaltegarria dela azpimarratu dute, batez ere Nafarroako Garzaron herriko Jaunarena pilotariarentzat. “Bi orduko ibilbidea egiten du etortzeko eta hainbat bider buelta egin behar izan du ezer egin barik”.
Partiduez gain,
taldeko argazkia ere atera behar zuten parte hartzaileek atzo, eta horri esker eguna aprobetxatu ahal izan zutela gaineratu dute. Horrez gain,
ospakizuna ere izan zuten. Hasteko, Lekeitio ezagutzeko bisita egin zuten herrian zehar Kabauko itsas labarretik hasita eta ondoren, bazkaria eduki zuten Artolaba elkartearen txokoan.
Beteranoen Esku Pilota Txapelketako pilotari taldea. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Santi Brouard oroigarria ikusi, Ekaitz elkartea ezagutu eta Ezpeleta eta Arranegi kaleetan zehar plazara abiatu ziren bisitariak. “Kanpilloko harresia, Dominiken komentua eta Uriarte jauregia oso gustuko izan dituzte pilotariek eta itsasargira egindako bisitagaz eman diogu ibilbideari amaiera”.
Santi Brouard oroigarrian domekan egindako bisitan. Argazkia: Beteranoen txapelketa
Txapelketaren bideo bilduma ikusi eta momentu hunkigarriak oroitzeko parada eman zien otorduak, eta bihotzez eskertu dute pilotari eta txapelketako antolatzaileek Artolaba elkartearen ekimena.