Euriak ez zuen atsedenik eman atzo [otsailak 11] Markina-Xemeinen eta Berriatuan, eta inauterietako ohiko egitarauan aldaketak egin behar izan zituzten markina-xemeindarrek. Berriatuarrak berriz, frontoiaren babespean ospatu zuten jaia, hala ere, umoretsu eta gogotsu atera ziren kalera herri bietako bizilagunak aurreko hilabeteetan prestatzen ibilitako mozorroak erakusteko.
Eguraldiaren iragarpena ikusita Zelaian egitekoa zen Zaldi Zinta Jokoa bertan behera geratu zen atzo, eta mozorro kalejira ere Zelaiaren bueltan eta alde zaharrean zehar barik Plazabarripean egin behar izan zuten
Markina-Xemeinen. Hala ere, giro onik ez zen falta izan, eta talde eta banakoak festarako gogoz, Kuklux txarangagaz dantzan ibili ziren eguerdian Zelaiaren goiko parteko aterpean.
Arraunlariek eraman zuten Markina-Xemeingo nagusien taldekako sari nagusia.
Plazabarripean banatu ziren bai eta ere iluntzean, mozorro lehiaketako sariak. Ohiko mozorroak egon baziren ere, irudimena eta sormena nagusi izan ziren mozorroen artean, eta epaimahaiak aukeraketa egitea ez zuen erraz edukiko.
Arraunlariak eta
Elefanteak irabazi zituzten nagusien mailako sari nagusiak, gaztetxoenak, berriz,
Scooby–Doo-k eta
Kohete-ek eraman zituzten.
Hauek izan ziren
SARITU GUZTIAK:
Gaztetxoak bakarka edo talde txikiak:
- Kohete
- Eskeletoak
- Rokeroak
Gaztetxoak taldeka
- Scooby–Doo
- Harriketarrak
- Krepe egileak
- Aplikazioak
- Piratak
- Super Heroiak
- Animaliak
Nagusiak bakarka edo talde txikiak:
- Elefanteak
- Opila ogia
- Popeye
Nagusiak taldeka
- Arraunlariak
- Erromeria
- Simpson
- Palomitak
- Astronautak
- Emogi
- We can do it
Saria atzo hartu ezin izan zutenak, aste honetan joan ahalko dira udaletxera bila. Bestalde, taberna eta denden lehiaketako sariak ere banatuko ditu jai batzordeak. Bat ematea aurreikusita bazegoen ere, hiru banatuko dituztela azaldu zuten: tabernentzako sari bat, merkatarientzako beste bat eta sari berezi bat.
Hartza. Markina-Xemeingo inauterietako protagonistak ere ez zuen hutsik egin, eta eguneko aterrune bakarretakoa aprobetxatuta atera ziren kalera Zerutxuko dantzariek Hartzarekin batera Zaragi Dantza egiteko. Urtero modura, panderoa jo eta dantzan jarri zuten hartza, baina berak ihes egin eta ingurukoak beldurtu nahi izan zituen.
Kiroldegia ere bete egin zen eguerdian.
XAT-ek antolatzen duen bazkariko gehieneko kopurua bete etaÂ
500 lagun elkartu ziren mahai luzeetan elkarregaz bazkaltzeko. Umeek gainera, txokoak izan zituzten eta gustura ibili ziren jolasean, bazkalostean.
Berriatuko kuadrilla bat, domekan, inauterietako jaialdian, Mendibarren frontoian. Argazkia: Berriatuko Udala.
Frontoian. Berriatuan ere bazkari herrikoia eduki zuten eguerdian herriko frontoian, eta 180 lagunek bazkaldu zuten antolakuntzak prestatuko mahaietan. Jan bapo eginda hasi zen ospakizuna. Lehiaketa albo batera utzi eta mozorro festa egitea erabaki zuten.
Marilyn Monroe ere Berriatuan egon zen atzo, bai eta pirata, pitufo eta super heroiak ere, eta
Charlot-ek ere ez zuen ospakizuna galdu nahi izan.