Gaur hasiko dute denboraldia Mexikoko Frontoian. Markina-xemeindarragaz batera,
beste lau gaztek debutatuko dute “Pelotaren Jauregian”.
Gaur zabalduko ditu ateak munduko frontorik handienak, eta lau hilabetez
164 partidu eta 126 kiniela lehiatuko dituzte bertan. Era berean,
hiru torneo jokatuko dira; horietako bat tokikoa izango da eta beste biak nazioarte mailakoak. Nazioarteko torneoetako bat
Fernando Diez Barroso Torneoa izango da.
Eguenetan, zapatuetan eta domeketan izango dira partiduak.
Hogei pilotari euskaldun eta hamahiru mexikar ariko dira kantxan euren onena emateko prest. Hala, esperientzia duten izen handiko pilotarien alboan ariko dira profesionaletan hasiberri direnak.”Koadro orekatua” itxi dutela zehaztu dute. Kantxa zailenetakoan euren abilezia erakutsi beharko dute. Izan ere,
62 metroko frontoi honek pilotarien bertuteak nabarmentzeko balio du, baina baita gabeziak agerian uzteko ere.
Imanol Lopez puntista zumaiarraren parte hartzea nabarmendu dute. Hain zuzen, Mexikon bizi da gaur egun eta denboraldia osatzen duten lau hilabeteak jokatuko ditu. Gainontzeko euskaldun gehienek bina hilabete emango dituzte bertan, eta puntista mexikarrak, ostera, lau hilabetez ariko dira lehian.
Era berean, beste zumaiar baten,
Iñaki Osa Goikoetxearen, fitxaketa ere azpimarratu dute. Iaz ez zuen akordiorik lortu Mexikoko Frontoiagaz, eta aurten bi hilabetez egongo da aztekar hiriburuan.
Eric Irastorza Baionako atzelaria ere Mexikon dago jada, eta
Aimar Aldazabal berriatuarra denboraldiko bigarren zatia lehiatzera joango da.
Puntistak iazko denboraldian.
Argazkia: Jai Alai News.
Gandiagaz batera
Roke Alberdi Jaio gernikarrak eta Cosme Agirre zumaiarrak debutatuko dute. Bai eta Mexiko Hiriko Esteban de Legarretak eta Mauricio Zapatak.
Denboraldiko
lehen zatian puntista hauek egongo dira: Roke, Goikoetxea, Olharan, Egiguren, Lopez, Ekhi, Inza, Irastorza, Patxi Tambourindeguy, Laduche, Perez, Christophe, Inclan, Sierra, Polanco, Ochoa, Ihitsague, Mauricio, Osorno, Echenique, Ituarte, Anton, Dosal, Ortega eta Legarreta.
Denboraldiko
bigarren zatian, berriz, hauek ariko dira: Olharan, Egiguren, Lopez, Ekhi, Inza, Olha, Jon Tambourindeguy, Aimar, Etcheto, Cosme, Portet, Del Rio, Inclan, Perez, Christophe, Sierra, Polanco, Ochoa, Mauricio, Osorno, Echenique, Ituarte, Dosal, Ortega eta Legarreta.
20 urtez itxita. Mexiko Hiriburuko Errepublika Plazan dagoen frontoia iaz zabaldu zuten berriro 20 urtez guztiz abandonatuta egon ondoren. Beraz, mexikar pilotazaleek bigarren denboraldia jarraian dute punta-puntako profesionalen jokoaz gozatzeko.