Azaro Fundazioak Lea-Artibaiko emakumeen laneratzea errazteko programa jarriko du abian
Eskualdeko emakumeei laneratzea errazteko EMEekin programa jarri du martxan Azaro Fundazioak Leartibai Garapen Agentziarekin eta Lea-Artibai Ikastetxearekin elkarlanean. Lea-Artibai eskualdeko emakume langabetuen ekintzailetza eta kalitatezko enplegu egonkorrak bultzatzea da programaren helburua. “Formazio programa berritzaile baten bitartez emakumeak ahaldundu eta egungo lan mundurako beharrezkoak diren tresnak ahalbidetuko zaizkie, laneratzeko momentuan prest eta konfiantzaz sentitzeko”, azaldu dute.
Emakumeen Nazioarteko Egunari keinu eginez martxoaren 8an hasiko da martxan eta irailaren 30era arte iraungo du. Jakinarazi dutenez, formazioa eskaintzeko modua ez da ohikoa izango, sarearen bidezko eskolak eta aurrez aurrekoak bateratuko dituzte. “Parte hartzaileek gai ezberdinak jorratzen dituzten bideoak ikusiko dituzte etxean, eta dudak argitzeko edo galderak erantzuteko tutorearekin etengabeko harremana izango dute posta elektroniko bidez edo telefonoz”.
Aurrez aurreko eskolak, berriz, astean behin edo birritan izango direla azaldu dute. “Metodologia berritzaile honen bitartez, IKT tresnen erabilera bultzatu eta familia bizitzarekin bateragarritasuna erraztu nahi dira”.
Gaiak. Parte hartzaileek lidergotza, komunikazioa, sormena, emozioen kudeaketa eta bestelako gaitasunak garatzeko aukera izango dute mindfullnes edo coaching bezalako tekniken bitartez. Gainera, negozio ereduei eta berrikuntzari buruzko eskolak ere izango dituzte, enpresa munduarekin kontaktua berreskuratu eta egun baloratzen dituzten gaitasunak zeintzuk diren jakiteko. Enpresa munduan bogan dauden gaiak ere landuko dituzte. Halaber, ekintzailetzak ere bere tartetxoa izango duela zehaztu dute antolatzaileek. “Norbere enpresa sortzea beste lan aukera interesgarri bat izan daiteke eta emakume hauentzat”.
Programaren azken zatia lan orientazioari eskainiko diote. Besteak beste lan elkarrizketa bat prestatzen edota curriculum egoki bat aurkezten irakatsiko diete. “Lana aurkitzeko momentuari beldurra kendu eta euren burua prozesu horretarako prestatuz”.
EMEekin programan parte hartu nahi dutenak Azaro Fundazioagaz jarri behar dira harremanetan. Horretarako, fundazioaren telefono zenbakira deitu (94- 616 91 72 ) edo azaro@azarofundazioa.com helbidera mezu bat bidali dezakete. Izena emateko azken eguna otsailaren 23a izango da.