Nahia Quinconces Altuna, bere mailara bueltatuta
Martxoaren 14tik 17ra, berriz, mendiko eskiko “Tourra” den Pierra Menta proban egongo da . “Erregina edo lasterketarik garrantzitsuena da”. Binaka egiten den lau etapako proba da. Lau egunetan 10.000 metroko desnibela gainditu beharko dute Areches-Beauforteko bailaran, Frantzian. “Inguruko mendietatik izugarrizko ibilbide politek osatzen dute; oso-oso alpinoa da, pistetatik kanpo dena. Basoetatik gora eta behera, ikusgarria da”. Horretarako ilusioa daukala azpimarratu du. Apirilaren 7an Italian lehiatuko du Munduko Kopa azken proba. Halaber, Grande Courseko beste bitan parte hartuko du. Binaka egiten den hiru etapako Tour du Rutor da bat. PDG edo La Patrouille des Glaciers deritzona da bestea, eta horregaz amaituko du mendi eskiko denboraldia. Suitzako Verdier eski estazio famatuan hasi, eta Zermattan amaitzen da. “Maila onean berriro egoteagatik oso pozik nago. Min hartuta zaudenean momentu batzuetan esaten duzu, ‘bueltatu ahal izango ote naiz lehengo mailara?’. Berriro eskiatze hutsak izugarrizko poztasuna eman zidan, eta lehiatu ahal izateak, are gehiago. Gainera, kirol honek daukan gauza ona da beti ezberdina dela; eguraldi baldintzek, elur baldintzek asko aldatzen dute. Ni, behintzat, leku berriak ikusteak, mendi berriak igotzeak asko motibatzen nau”. Gelditzen diren probetan lehenengo hamarren artean geratzea du helburu, bai eta Grande Courseko probak burutzea eta “gustura amaitzea”. Marta Riba katalanagaz egingo ditu: “Orain dela bi urte Pierra Menta beragaz egiteko nintzen, eta Altitoy ere beragaz hasi nuen, eta han hartu nuen min. Ilusio handia daukat horretarako. Arantza hori kentzeko gogoa daukat”.“Eskiatze hutsak poztasuna eman zidan, eta berriro ere lehiatu ahal izateak, are gehiago”
Begiz jota dituen pobren artean gogorrena zein den galdetuta, Europako Txapelketa aitatu du. Mendiko eskian dabiltzan Europako onenak elkartuko dira bertan, eta denek ere denboraldiko “puntu edo une garrantzitsuenaren moduan»” dutela gaineratu du. “Hori izango da, beharbada, gogorrena, bai eta erronkarik politena ere”. Sumendi baten inguruan eskiatzea esperientzia berria izango da mendexarrarentzat, eta abentura hori bizitzeko desiatzen dago. Teknikoki hobetzea. Gero eta emakume gehiago lehiatzen direla adierazi du. Katalanak, frantziarrak, italiarrak, suediarrak… Maila oso oneko eskiatzaileak daude. Teknikoki hobetu behar dela uste du. Zenbat eta ibilbide teknikoagoa izan, bere denborak besteekiko txarragoak izaten direla dio: “Beharbada, daukadan oztopoa da elurtzatik urrun bizi naizenez, beti ez daukadala entrenatzeko aukerarik. Aurten zortea eduki dut, eta aukera asko eduki ditut entrenatzeko, eta hori igartzen da”. Elurra ez dagoenean eskiatzeko hain erraz edota izotza edo baldintza gogorragoak direnean, denbora gehiago galtzen duela azaldu du. “Horrek esan nahi du teknikan oraindik ere zer hobetu asko daukadala, eta horretan nabil”. Probaz proba, mendirik mendi eta pausoz pauso ibilbide oparoa betetzen ari da Quincoces. Eta bide horretan garaipen garrantzitsuak eskuratu ditu. Esaterako, orain dela bi urte Europako Txapelketan esprintean brontzezko domina eta Munduko?Kopako proba batean zilarrezkoa lortu zituen. “Ez nuen espero, eta bi momentu horiek inoiz ez ditut ahaztuko”. Une gogorrak eta gogoangarriak bizi izan ditu; beti ere, esperientzia berriez gozatzeko gogotsu. Esaterako, orain dela hiru urte parte hartu zuen, lehenengoz, Pierra Mentan. “Proba egin eta amaitze hutsa izugarrizko poztasuna izan zen niretzat. Amets bat bete nuen”.“Geratzen diren probetan lehenengo hamarren artean sartzea da helburua”