Tarineko ikasleek piano emanaldia eskainiko dute Markina-Xemeinen
Berriatua eta Markina-Xemeingo Tarine musika eskolan pianoa ikasten ari diren musikariek emanaldia eskainiko dute astelehenean [otsailak 19], 18:00etan, Tarinek Markina-Xemeinen daukan egoitzan (Kontzekupean); emanaldia 2. gelan izango dela aurreratu dute.
Zehaztu dutenez, emanaldian bederatzi ikaslek parte hartuko dute. «Ikasle horiek izango dira hilaren 24an eta 25ean Andoaingo Piano Jaialdian parte hartuko dutenak».
Saioak ordu erdi iraungo duela esan dute Tarineko arduradunek. «Ikasle bakoitzak pieza bat eskainiko du; bikote batek ere parte hartuko du». Oro har, adin ezberdinetako ikasleak izango dira emanaldian parte hartuko dutenak.
Saioa «xumea» izango dela esan dute, baina herritar guztiei zabalik egingo dutela argitu dute. Beraz, Tarineko ikasleen piano emanaldiagaz gozatu nahi duten herritar guztiak gonbidatuta daude.