Ondarroako Udalak 2014an emandako ikerketa bekari esker Juanito Urkizu Sustaeta
Katugorri futbol jokalari ondarrutarraren ibilbidea jaso zuen Irene Urruzola Arratibel lasartearrak, eta hori guztia liburu batean bildu eta kaleratu du. Mito bat izan zen Urkizu; lau liga eta zazpi kopa irabazi zituen esaterako, Athletic taldeagaz.
Urkizuk 50 urteko ibilbidea egin zuen kirol munduan. Informazio hori guztia lortzea ez en lan erraza izango. Nora jo zenuen?
Ikerketa bekara aurkezteko pertsonaia ezagutzea ezinbestekoa zen, beka jasoz gero egingo duzun lanaren eskema aurkeztu behar baita. Hala ere, Urkizu familia izan zen nire abiapuntua eta data zehatzak, zein, informazioa lortu ahal izateko Urkizu jokalari nahiz entrenatzaile lanetan jardun zen klub guztietara jo behar izan nuen, artxibo guztietara, eta ez dira gutxi! (11 talde + Espainiko Selekzioa + Euskal Selekzioa). Informazioa oso sakabantua zegoen, eta lan handia izan zen guztia biltzea.
Ikerketa lan guzti hori egin ondoren, nor zela esango zenuke zuk Juanito Urkizu, eta ze garrantzia izan zuen?
Juanito Urkizu Katugorri futboleko profesional paregabea zela esango nuke. 50 urteko ibilbidea egin zuen kirol horretan, eta garaipenik esanguratsuenak Athletic taldearekin lortu zituen: 4 liga eta 7 kopa (3 liga eta 4 kopa jokalari moduan, liga bat eta 3 kopa entrenatzaile moduan). Talde zurigorriaren historian titulu gehien dituen pertsona da, eta bakarra da gainera liga eta kopa lortu zituena jokalari zein entrenatzaile lanetan. Gerra aurretik Athleticen historiako talde oneneko partaide izan zen, eta gerra ondoren Athleticeko talde onenetarikoa osatu eta zuzendu zuen. Sekulakoa izan zen. Prentsan askotan aipatzen dute Athletic entrenatu zuen partiden kopuruari dagokionez errekorra izan zuelako garai batean: 235 partida. Baina Urkizuk errekor gehiago ditu oraindik gainditu gabeak. Esaterako Real Madril taldea irabaztea bere futbol-zelaian, Bernabeun, lau aldiz. Hirutan Athletic taldearekin lortu zuen, eta behin Real Oviedorekin. Guardiola saiatu zen, duela urte batzuk errekor hori hausten, baina ez zuen lortu.
Bere ibilbideko ezerk harritu zaitu?
Gaur egungo ikuspuntutik garai hartako futbola nolakoa zen ikusteak harritu nau gehien. Esaterako, 1926an, Urkizu Osasuna taldekoa zela, Errealarekin jokatu zuen partida bat taldea indartzeko. Partida hura Athletic taldearen aurka jokatu zuten, eta Athleticen Ricardo Zamorak jokatu zuen, nahiz eta bera Espanyol taldekoa izan. Horrelako nahasketak ezinezkoak dira gaur egun.
Ibilbide oparoa izan zuen lehenengo jokalari eta gero entrenatzaile bezala.
Ibilbide oparoa bai, eta talde guztietan utzi zuen arrastoa gainera. Jokalari lanetan: Osasuna, Real Madrid, Athletic. Espainiako Selekziora lau aldiz deitu zuten, baina behin atera zen zelaira jokatzera, 1929ko martxoan. Euskal Selekzioarekin bi aldiz joan zen. Entrenatzaile lanetan: Athletic, Barakaldo, Real Oviedo, Murtzia, Ondarroako Aurrera, Levante, Ourense eta Alaves.
Bizitza interesgarria eraman zuen ondarrutarrak. Futbol taldeekin bidaiak munduan zehar…
Futbolak bidaiatzeko aukera eman zion, baina ordukoak ez ziren gaur egungo bidaiak. 1926 eta 1927 urteetan, adibidez, Ameriketra bi bidai egiteko aukera izan zuen. Lehena Espanyol taldearekin Ricardo Zamorak deituta, eta Real Madrilekin bigarrena Santiago Bernabeuk deituta. Garai haietan Osasunako jokalaria zen, baina beste taldeek jokalariak behar zituzten taldea indartzeko, eta ezagutzen zuten Urkizuren indarra. Barkuz egindako bidai horien berri ere ematen da liburuan.
Irene Urruzola Arratibel liburuaren egilea.
‘Katugorri’ ezizena nondik datorkio?
Urkizu Athletic taldean jokalari zen garaian Pentland zen entrenatzailea, eta berak jarri omen zion ezizena ilegorria zelako, oso azkarra, eta esfortzuarekin aurpegia gorritzen zitzaiolako.
Bere ibilbide profesionalarekin batera, pertsonala ere jaso duzu liburuan.
Liburuan batez ere ibilbide profesionala jaso dut hori zelako ikerketaren xedea, baina kirol biografia hori bere testuinguruan kokatzeko ezinbestekoa izan da bere bizitzako hainbat xehetasun kontatzea: nongoa zen, bere familia nolakoa zen edo ikasketak non egin zituen, esaterako.
Juanito Urkizuren bizitza eta bizipenekin batera, garaiko futbolaren historia ere jorratu duzu bide batez.
Garaiko futbola nolakoa zen azaltzea garrantzitsua da Urkizuren ibilbidea ulertzeko. Juanito futbola bera mamitzen ari zen garaikoa da, eta hainbat kontzeptu azaldu ezean oso zaila da guztia ulertzea: futbol eskola edo estilo ezberdinen sorrera (euskalduna, katalana, zentrokoa), jokalarien profesionalizazioa, ligaren sorrera, etab. Kontu hauek guztiak garai hartako futbolariek bizitakoak dira, ez Urkizuk bakarrik. Eta futbolaren bilakaeraren berri izateko, historiaren berri izateko, eta gaur egungo futbola ulertzeko komeni da ezagutzea.
Garaipen ugari lortu zituen Urkizuk bai jokalari bezala jardun zuenean, bai entrenatzaile bezala. Mito bat izan zela esan daiteke?
Dudarik gabe. Urkizuren garaipenak ez ziren nolanahikoak izan, eta esaterako, 1930ean Coca-Cola freskagarriarekin iragarkia egin zuen. Hori izarrek egiten dute gaur egun, eta lehen ere horrelaxe izaten zen. Katugorriren garaiko Athletic (bera jokalari zen garaia) Guardiolaren Barcelonarekin parekatzen dute adituek oso talde ona izan zelako, eta gerra aurreko garai haietan errekor ugari lortu zituztelako. Urkizuren alaba batek esaten zidan moduan, Euskal Herriaz gain, Espainian ere Athletic zaleak zeuden talderik onena hura zelako, dena irabazten baitzuten! Gainera, orduan harrobiko jokalariekin aritzen ziren, orain bezala.
Jardun zuen taldeetan oroitzen dutela nabaritu duzu ikerketa egiten aritu zarenean?
Bai, noski! Urkizuk arrastoa utzi zuen futbolean aritu zen klub guztietan. Osasunak liburu bat atera zuen 75. Urteurrenean eta bertan taldeko historian jokalari onenetariko bat izan zela esaten dute. Athleticen zer esanik ez, Oviedon ere ederki gogoratzen dute, Ourensen ere bai. Ourenseko kazetari batek ere kontatu zizkidan hainbat istorio Urkizurekin bizi izandakoak.
Ondarroako Aurrera Taldean ere entrenatzaile aritu zen. Nola gogoratzen dute Urkizu bere herrikoek?
Juanito entrenatzaile zela Aurrera Taldean aritzen ziren jokalari ohiekin hitz egiteko aukera izan nuen lan hau egiterakoan, eta esan dezaket miresmenez hitz egin zidatela. Istorio asko kontatu zizkidaten: partidetan gertatutakoak, entrenatzailea nolako zorrotza eta profesionala zen… Ondarroan, orokorrean, Athletic zaleak dira, eta ohore bat da eurentzat Urkizuren mailako pertsonaia bertakoa izatea. Oraindik gogoratzen dute 1945. urtean Athleticek irabazitako kopa nola eraman zuen Urkizuk Ondarroara, herritar guztiek hurbiletik ikus zezaten. Herri guztiak sekulako ongi-etorria egin zion, eta gainean hartuta eraman zuten Urkizu herrian zehar. Arrantzaleek ere pankarta batekin omendu zuten: «Los pescadores saludan a los pescadores de copas». Garai haietan, haiek umeak ziren oraindik, baina ez dute ahaztu egun hura, eta etxean kontatzen dute belaunaldiz-belaunaldi gogora dezaten. Ondarruko kale bati, edota Aurrera Taldeko futbol-zelaiari Juanito Urkizu izena jarri beharko litzaiokela esaten zidaten bere miresleek.
Garaiko argazki eta egunkarietako zati ugarik osatzen dute liburua.
Artxibo askotara jo behar izan dut Urkizuren ibilbidea osatzen duten talde guztietako informazioa lortzeko. Garai haietako egunkarietako berriak xehetasun asko ematen dituzte, eta hainbat iturritan irakurri behar izan ditut egun bereko artikuluak informazioa ahal den neurrian kontrastatzeko eta osatzeko. Gaiari lotutako liburuak ere irakurri behar izan ditut, gehienak gaztelaniaz, futbolari buruzko liburuak euskeraz topatzea ez delako erraza. Argazkiak ere iturri askotatik lortu ditut: Klubetako artxiboak, Artxibo pribatuak, eta familiak emandakoak batez ere. Liburu honetan aparteko garrantzia eman diet argazkiei. Asko inoiz argitaratu gabeak dira, eta, egia esan, asko jarri ditut. Kalitate oneko argazkiak dira, eta oso esanguratsuak.
Liburu hau ikertzaile eta idazle bezala egin duzun lehen liburua dela diozu bertan. Zelakoa iruditu zaizu esperientzia?
Lehenengo liburua da, baina egia esan oso gogoko dut ikertzea, oso gustora egindako lana izan da. Lan hau egiterakoan argi ikusi dut futbolean, beste esparru askotan gertatzen den moduan, ondarea jasotzeko lan asko dagoela egiteke. Dokumentuak, argazkiak, eta ahozko lekukotzak ez badira biltzen eta jasotzen, galdu egiten dira betiko. Oso esperientzia ona izan da, eta errepikatuko nuke, noski!
Beste horrelako lanik badaukazu esku artean?
Ez, momentuz ez. Etorkizunean… batek daki!