Markina-Xemeinera ailegatuko da domekan [otsailak 25] eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa. Jardunaldi bi jokatuko dira Pilotaren Unibertsitatea frontoian, lehena domeka honetan [
otsailak 25] eta bigarrena
martxoaren 4an.
Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko Kirol zinegotziak,
Iker Amarika txapelketaren zuzendari teknikoak eta
Leire Etxaniz pilotariak aurkeztu dituzte jaialdiak gaur eguerdian [otsailak 19] Markina-Xemeingo udaletxean egindako ekitaldian.
Iaz Emakume Biragaz egin zuen bezala, aurten Emakume Master Cup laguntzea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak. Emakumeek federatu mailan eta esku pilota txapelketak antolatzen denbora gutxi badaramate ere, txapelketa emakumeen artean oso erantzun ona izaten ari dela azpimarratu du Markina-Xemeingo Kirol zinegotziak, eta horren adierazle dela esan du, aurtengo izen emate kopurua, 100 pilotari parte hartzen ari dira-eta txapelketan. “Markina-Xemeingo Udala, beti ere, emakumeen kirola sustatzearen aldekoak garenez guztira bi jardunaldi izango ditugu Markina-Xemeingo Unibertsitatean eta epaile ofizialak beteko duen akta ere gorde egingo dugu”.
Iker Amarika txapelketaren zuzendari teknikoa, Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo kirol zinegotzia eta Leire Etxaniz pilotaria.
Markina-Xemeingo pilotalekuak daukan historiari erreferentzia eginez, otsailaren 25ean berriz ere historia egingo dela azpimarratu du bai eta ere Iraolagoitiak. “Lehenengo aldiz esku pilotako emakumeak zuriz, federatu mailan eta txapelketa ofizial batean jokatuko dutelako”.
Euren artean egongo da Leire Etxaniz Etxebarriko pilotaria. “Bera da gaur egun esku pilotako emakumeen artean pilotaririk onena eta
erreferentea. 2017an eskuz binakako txapelketa irabazi zuen Zornotzan jokatu zen finalean eta Sopelan jokatu zen lau t’erdikoko finaleko txapela ere ekarri zuen etxera”, aitatu du Iraolagoitiak.
Iratxe Ibarra pilotari markina-xemeindarra ere aurtengo Emakume Master Cup jokatzekoa zela azaldu du. “Berrizko Nuria Telleriagaz bikotean jokatzeko eman zuen izena norgehiagokan, baina lesio baten ondorioz ezin izan du txapelketan parte hartu”. Promozio mailako faboritoen artean zegoen, gainera, Ibarra, adituen iritziz. “Lau t’erdikorako seguru prest izango dela eta ilusio handiagaz parte hartuko du”.
Markina-Xemeingo jaialdien aurkezpena. Iker Amarika txapelketako arduraduna, Juanjo Txurruka alkatea, Leire Etxaniz pilotaria eta Joseba Iraolagoitiz zinegotzia.
Partiduak. Pilota jaialdietako
egitaraua azaldu du Iker Amarikak. Printzipioz
domeka honetan [otsailak 25], 17:00etatik aurrera, Promozio Mailako hiru partida eta Lehen Mailako bat jokatuko dira Pilotaren Unibertsitatea frontoian. Alde batetik, promozio mailako hiruko sariketa bat jokatuko da. “Hiruko horretan Maialen Gantzarain (Lizartza) eta Naia Ugarriza (Orozko) izango dira lehenengo bikotea, bigarren bikotea Maite Tolosa (Amezketa) eta Ane Arteaga (Lasarte-Oria) eta hirugarren bikotea Leire Galdos (Donostia) Irati Otaegi (Anoeta)”. Promozio mailako azken kanporaketa izango da domekakoa, jardunaldi horretako bikote onenak aurrera egin eta hurrengo asteburuko final laurdena jokatuko du.
Bestalde,
Lehen Mailako bigarren taldeko kanporaketa bat ere egongo da, bertan jokatuko du
Leire Etxaniz etxebarritarrak Gautegiz-Arteagako Olatz Arrizabalagagaz bikotean. Olatz eta Maite Ruiz de Larramendi Eulateko ahizpa nafarrak izango dituzte aurkari. “Ea jendea animatzen den eta datorren Leire Etxaniz zuzenean ikustera. Maite Ruiz de Larramendi ikustekoa da baita. Paleta munduan oso ezaguna da, mundu mailako txapelduna izan zelako hainbat urtetan ezker paretan eta trinketean, eta Markina-Xemeingo pilotalekuan ikusteko aukera egongo da”, animatu du Iker Amarikak.
Joan den asteburuan Larrabetzun jokatutako kanporaketaren ondoren,
Martxoaren 4an promozio maila jokatuko duten sei bikote jada zehaztuta daude: Alaitz Badiola eta Ohiana Orbegozo azpeitiarrak, Naroa Elizalde (Zubieta) eta Araitz Eizagirre (Arrua), Jone Goiri eta Ane Baraiazarra larrabetzuarrak, Maddi Unanue (Azpeitia) eta Naroa Agirre (Zestoa), Ainhoa Urien (Abadiño) eta Amaia Vicario (Donostia) eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak. Horiek eta asteburu honetan sailkatzen diren pilotariek final laurdenak jokatuko dituzte Markina-Xemeingo pilotalekuan. Iker Amarikak azaldu duenez,
lau partidu jokatuko dira UNI-n, eta hor erabakiko da ze bikote igaroko den final erdietako kanporaketara.
Berriz etxean jokatzen. Leire Etxanizek 14 urtegaz utzi behar izan zion pilotan jokatzeari, eta ordutik ez du berriz Markina-Xemein edo inguruetan jokatzeko aukerarik eduki. Hori dela eta, gazte mailan jokatzen ibilitako frontoira itzultzeko ilusio handiagaz agertu da Etxebarriko pilotaria. “Ostera ere bertan jokatzea poztasun handia da, ea lortu ahal dugun finalaurrekoetara sailkatzea, eta ea aurten ere finalera heldu eta gerra apur bat ematen dugun txapela irabazteko”, adierazi du.
Markina-Xemeinen jokatuko diren jaialdi bietako partidak maila onekoak direla azpimarratu du amaitzeko, txapelketaren arduradunak eta emakumeen pilotaz gozatzera animatu ditu herritarrak eta inguruko herrietako bizilagun guztiak.
Sarrera, doakoa izango da.