Markina-Xemeingo autobus geltokia saihesbidera lekualdatzeko proiektua bertan behera uztea eskatu du Markina-Xemeingo Udalak. Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidean
geraleku soil bat besterik ez eraikitzearen asmoagaz ez daudela ados esan dute. “Udalak inondik inora ezin imajina zezakeen Aldundiak horrelako
irtenbide prekario bat jarriko zuenik martxan urteetan gai horren inguruan hainbeste berba egin izan eta gero”.
Markina-Xemeingo autobus geltokia lekuz aldatzeko
gaia aspaldikoa da. Urteak dira udala autobus geltokia herri barrutik ateratzea aztertzen hasi zela, ondorengo arrazoiengatik: orduko sei autobus herri barrutik pasatzen ibiltzea eta horren ondorioz sor zitezkeen istripuen arrisku handia saihestea, autobusek egiten duten ibilbideko galtzada hobeto zaintzea eta autobusen joan-etorria bizkortzeko herri barruraino sartu eta irten egiten duten denbora irabaztea.
Markina-Xemeingo autobus geralekua.
Aldundiagaz kontaktuan. Irtenbidea geltokia saihesbidera ateratzea izan zitekeela ikusita bere sasoian alkate zenak eta udal teknikariak Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan sailera jo zuten irtenbide hori proposatzera, eta udalakĀ azaltzen duenez, Errepideetako Zuzendaritzako teknikariek ere begi onez ikusten zuten irtenbidea, baina, beti ere, aurretik lan eta
esku hartze batzuk eginda saihesbidean. Obra horien artean abiada hartzeko eta moteltzeko
erreiak egitea autobusen sartu-irtena segurtasunez egiteko, bai autobusentzat bai eta bertatik dabilen gainerako zirkulazioarentzat ere.
Horrelako obra batek exijitzen zuen inbertsioa handia izanik arazo ekonomikoaz egin zuten topo. Izan ere, saihesbidean egin beharreko lan horiez guztiez gainera
geltoki egoki bat ere beharrezko ikusten zuten. Hau da, erabiltzaileentzako erosoa eta iristen erreza izango zena, eta horrez gain, egungo geltokitik berrira bitarteko bidean ere obrak egin beharko ziren ibilbide hori ere baldintza egokietan egin ahal izateko. “Zerbitzu berdina edo hobea ematea zen asmoa, bai geltokiari berari zegokionez bai eta bertara arteko bidearen aldetik ere”.
Momentu hartan dirurik ez zegoela eta, gaur egunekoa egin zuten behin behinean.
Eskaeragaz aurrera. Azken agintzaldi bietan ere, eskaeragaz jarraitu du Markina-Xemeingo Udalak. Jakitera eman dutenez, joan den urteko abuztuan Unai Rementeria ahaldun nagusiak Markina-Xemeinera egindako bisitan landu zuten gaia berriz ere, eta azaroan Lekeition egindako bilera batean ere gaia zertan zen galdetu zioten eskualdeko alkateek. “Eta hark gaia mahai gainean zuela erantzun zuen”.
Markina-Xemeingo saihesbidera lekualdatu nahi dute autobus geralekua.
Udalak jakitera eman duenez, joan den astean Aldundiko ingeniari batek deitu zion udal arkitektoari autobus geltokia saihesbidera lekualdatzeko behar diren lurren eskuratzea zertan den galdetuz eta geltokia eraikitzeko lanak adjudikatuta zituztenaren berri emanez. Horren berririk ez zutela eta,
harrituta gelditu zirela azaldu du udalak, eta injeniariari egitasmoaren plano bat bidaltzeko eskaria egin zioten. “Harridura are handiagoa izan da zer egin nahi zen ikusi denean, geraleku huts bat baino ez saihesbidean, abiadura hartzeko eta moteltzeko errail gabekoa, eta zerikusirik ez duena duela hamar urte ezinbestekotzat jotzen zenarekin”.
Gaia konpontzeko asmoz, Errepide Saileko ordezkariekin batu dira Markina-Xemeingo udalbatza osatzen duten alderdi politiko bietako ordezkariak eta udal teknikariak, eta Garraio Sailetik geraleku proiektu txiki hori egiteko eta obra lehenbailehen adjudikatzeko agindua jaso dutela esan diete bilerara joandako Errepide Saileko teknikari eta zuzendariek. “Ahaldun Nagusiak gaia mahai gainean zuela esatean udalak uste osoa izan du urteetan eskatu izandakoa zela haren asmoa. Edozein kasutan ez dago egungo geltokiaren ordez saihesbidean horrelako geraleku bat onartzeko prest”.
Esan dutenez, Aldundiko arduradun politikoekin gaia argitzea da orain, udalaren asmoa, gaiari irtenbidea emango liokeen esku hartze bati ekiteko. “Beti ere, herritarrentzako eta garraio publikoaren erabiltzaile guztientzako segurtasun eta erosotasun baldintza guztiekin”.