1977an Espainiako poliziak Gasteizen langileen aurka egindako sarraskia gogoratu nahi izan dute gaur [martxoak 3] Ondarroan. Langileen eskubideak erabat zapalduak ziren garaian, espainiar poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen. 41 urte beranduago, ordukoa gogoratu eta
langileen aldeko borrokak indarrean jarraitzen duela aldarrikatu nahi izan dute Ondarroan. Ekitaldia gudarien aldeko monolitoan egin dute, Alameda aurrean.
1977ko gertakaria. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, horiek indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Ondorioz, bost lagun hil eta 150 zauritu zituzten. Polizia haien eta Espainiako gainerako polizia indar guztien burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen, eta sarraskiaren erantzukizuna egun haietako protestak egiteko deialdia egin zutenei egotzi zien. Urte hauetan guztietan Espainiako Justiziak gaia ikertu ez duenez, 2014ko urriaren 31n, Argentinako epaile Maria Servinik Rodolfo Martín Villaren eta frankismoko beste hemeretzi karguren aurkako atxiloketa agindua eman zuen, gertakari horien inguruan galdekatu ahal izateko.
Ondokoak izan ziren
hil zituzten langileak: Pedro Maria Martinez Ocio (Forjas Alavesas lantegiko langilea, 27 urte), Francisco Aznar Clemente (okindegi-langilea eta ikaslea, 17 urte), Romualdo Barroso Chaparro (Agrator enpresako langilea, 19 urte), Jose Castillo (Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea, 32 urte) eta Bienvenido Pereda (Grupos Diferenciales enpresako langilea, 30 urte).