Giro izugarria bizi izan zuten atzo [martxoak 8] Lekeitioko Larrotegi zelaian bildutakoek. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren baitan, martxoaren 8ari begira antolatutako Athletic eta Errealeko neska gazteen futbol erakustaldi ederragaz gozatzeko aukera izan zuten futbol
zale eta oro har herritar guztiek. Atzo, berdintasunak irabazi zuela partidua azpimarratu dute antolatzaileek.
Athletic eta Realeko nesken partida. Argazkia: Lekeitioko Eskolako Jai Batzordea
Emozioa nagusi izan zen hasieratik. Partidua hasi aurretik jokalari guztiak zelairatu ziren HH4 eta LH1eko umeekin eskutik helduta, eta
Zapran Gagoz! pankarta zabaldu zuten zelaian. Antolatzaileek oroigarriak oparitu zizkieten futbolariei, eta Nerea Kortabitarte nagusien Athletic B taldean jokatzen duen lekeitiarrak egin zuen ohorezko sakea.
Jende asko, giro polita eta
animazioa izan ziren nagusi partidu osoan, eta txarangak ere jarri zion doinua ekitaldiari. Atsedenaldian, gainera, talde bietako nagusiek sinatutako kamisetak zotz egin zituzten, zorte onekoen pozerako. Partidua amaitutakoan, jokalarien poster eta sinadurak eskuratzeko aukera ere egon zen.