Lekeitio BHIko
Deiene Arantzeta Larrinagak,
Ibai Saenz Perezek,
Jone Blanco Zuazuak eta
Mikel Guijas Barainkak Startinnova lehiaketa irabazi dute 18 urtetik gorakoen mailan. Edurra zela eta atzeratu egin zen otsailaren 28rako aurreikusita zegoen proiektuaren aurkezpena, eta beraz, astelehenean [martxoak 12] joan ziren lau gazteak Sarrikoko
EHU-ko Ekonomia eta Enpresa fakultatera azken fasea gainditzera.

Mikel Guijas, Jone Blanco, Ibai Saenz eta Deiene Arantzeta Lekeitio BHIko ikasleak sari banaketa ostean. Argazkia: Lekeitio BHI
Kategoria bakoitzeko –16 eta 17 urte artekoa eta 18 urtetik gorakoa– bost proiektu onenek egitasmoak defendatu eta epaimahaiaren galderak erantzun behar izan zituzten astelehenean, eta atzo [martxoak 13] arratsaldean Bilboko Yimby aretoan egin zen sari banaketan jakin zuten emaitza. Lekeitio BHIko ikasleek
lehen postua lortu zuten
Electic Hair enpresa proiektuagaz. Etxez etxeko kalitatezko ileapaindegi eta estetika negozioa sortu dute gazteek.
Ikasleak, familia, irakasleak eta Andeka Uriarte Lekeitio BHI-ko zuzendaria ere egon ziren sari banaketa ekitaldian. “Denok oso urduri emaitza jakin arte”, esan dute. Lekeitio BHIko zuzendariak plaka bat jaso zuen oroigarri moduan, eta ikasleek ordenagailu portatil bana saritzat. Ikasleek Lekeitioko herria, udala, amankomunazgoa, Lea artibai Garapen Agentzia eta beste batzuk izan zituzten gogoan eskerrak ematerako orduan.

Izaskun Belaustegi ikasleen tutorea, Ibai Saenz, Mikel Guijas, Deiene Arantzeta, Jone Blanco eta Andeka Uriarte Lekeitio BHIko zuzendaria. Argazkia: Lekeitio BHI
Bizkaiko eta Arabako 34 ikastetxeetako 793 ikasleen
160 proposamen aurkeztu dira Startinnova lehiaketaren bosgarren jardunaldira. Lehiaketaren helburua gazteen artean ekintzaileak izateko grina piztea da.