Lea-Artibaiko Amankomunazgoak Gaueko Harrera Zerbitzua jarri du martxan, Durangaldeko eta beste mankomunitate eta udalekin elkarlanean. Zerbitzu horri esker, bazterkeria egoeran dauden eta etxerik ez duten herritarrei gaua pasatzeko baliabideak eskeintzen dizkie Amankomunazgoak.
Lea-Artibai eta Durangaldeagaz batera, ondokoak dira zerbitzu hori eskaintzeko hitzarmena sinatu zuten udalak: Ermua, Zornotza, Berriz eta Mallabia. Erakundeek iazko
abenduaren 4an sinatu zuten hitzarmena. “Udaltzaingoaren laguntzagaz, egoera horretan dauden herritarrei gaueko harrera zerbitzua eta garraio laguntza bat emango zaie”, zehaztu du Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak.
Ondoko zerbitzuak eskainiko dira: higiene pertsonala, gaua pasatzeko aukera, garbitegi zerbitzua, premia egoeretako oinarrizko jantzia, afaria eta gosaria
Gaueko Harrera Zerbitzua
Durangon egongo da, eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak kudeatuko du. “Zerbitzua urte osoan egongo da, eta neguan 10 herritarrentzako lekua egongo da. Gainontzeko hilabeteetan 5 leku egongo dira”. Dena dela, alerta iragarrita dagoen egunetan leku gehiago egongo direla esan dute.
Orain arte, egoera horretan zeudenak Bilboko aterpetxeetara bideratzen zituzten. “Amankomunazgoak, baina, ez zuen horien jarraipena egiteko tresnarik”. Zerbitzu berriagaz, Durangoko Udaltzaingoagaz harremanetan egongo dira Amankomunazgoko ordezkari eta zerbitzu sozialetako teknikariak, eta “jarraipen estuagoa” egiteko aukera egongo da.
Ondoko zerbitzuak eskainiko dituzte: higiene pertsonala, gaua pasatzeko aukera, garbitegi zerbitzua, premia egoeretako oinarrizko jantzia, afaria eta gosaria (hilabete bakoitzean
gehienez hiru egun). “Egoera berezietan gehienez astebete egon ahalko dira”.
Zerbitzu berriak ordezkatu egingo du orain arte Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak zeukan Neguko Aterpe Zerbitzua.