Lointek Gernika Bizkaiak zortzi puntugatik galdu du Campus Prometeren aurka
Irabazteko gogoa eta talde lan sendoa egitea falta izan zaio talde gernikarrari. Atsedenaldira berdinketagaz heldu arren, talde errioxarra markagailuan aurretik egon da minutu askotanLointek Gernika Bizkaiak 62-70 galdu zuen Campus Prometeren kontra, z...
Irabazteko gogoa eta talde lan sendoa egitea falta izan zaio talde gernikarrari. Atsedenaldira berdinketagaz heldu arren, talde errioxarra markagailuan aurretik egon da minutu askotan
Lointek Gernika Bizkaiak 62-70 galdu zuen Campus Prometeren kontra, zapatuan. Anbizio falta, irabazteko gogoa falta izan zitzaion talde gernikarrari.Ondo hasi zen etxeko taldea. Errioxarrak azken aurrekoak dira sailkapenean, eta neurketa hasi aurretik, partidua erraz irabazteko modukoa zela uste zuten askok. Baina hirukoz hiruko puntuak pilatu zituen Campus Prometek.
6. minutuan, 13-15 markagailuagaz hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Baina boskotean egindako aldaketek ez zuten eragin handirik izan.
16-19ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Bi taldeak bizi, erritmo onean ari ziren. Baloi jabetza laburrekin zebiltzan, eta arinegi jokatzeak baloiak galtzea eragin zien. Berdinketagaz joan ziren aldageletara (28-28), eta atsedenalditik bueltan, giro zein joko hotza ikusi zen Malosten.
Defentsan zein erasoan, erritmoa hartzeko hiruzpalau jokaldi jarraian lortzea zen erronka. Talde lan sendoa falta zitzaien etxekoei, eta hori ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Partiduari buelta emateko zain zeuden zaleak, baina ez zen heltzen. Partidua amaitzeko 14 minuturen faltan, 39-47ko markagailuagaz zeuden. Prometeko jokalariek partidua irabaz zitekeela ikusi eta sinistu zuten.
Hiru puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera: 49-52. Bi taldeek bazekiten garaipena edozeinentzat izan zitekeela, eta ez zuten amore eman. Hasieran falta izan zitzaien anbizioa izan zuten Lointekekoek. 54-56ko markagailuak itxaropena eragin zuen zaleengan, baina 56-65ekoagaz garaipena urrundu zen.
Bi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligaren sailkapenean postu bat behera egin du; seigarrena da, 46 puntugaz. Aurretik, IDK Gipuzkoa dago, puntu bat gehiagogaz.