‘Elkarrekin together’ film dokumetala emango dute Aulestin
Aulestiko Gure Esku Dagok film dokumental baten emanaldia eta solasaldia antolatu ditu domekarako.
Udal aretoan Elkarrekin-Together emango dute, 18:00etatik aurrera. Jarraian, pelikuaren gidoilarietako bat eta Gure Esku Dagoren bozeramailea den Angel Oiarbidegaz berbaldia izango dute.
Abentura, emozioa eta aurkikuntza uztartzen ditu Migeltxo Molinaren, Pablo Irabururen eta Igor Otxoaren lanak. Ekimen honek zubiak eraiki nahi ditu munduan zehar banatutako dagoen euskal diasporagaz, elkarbizitza eta kooperazioa bezalako baloreak sustatuz.
Euskal arkeologoez osatutako esploratzaile talde batek Kanadako uharte batean bizi dituen gorabeherak kontatzen ditu. Horiek arkeologo eta urpekari ipar-amerikarrekin topatuko dira. Aspaldian, baleontzietan heldutako euskal arrantzaleen eta bertako bizilagunen artean kooperazioa egon zela frogatzen duten dokumentuen bila ari dira.
Euskaldunek egonaldi luzeak egiten zituzten kolono frantsesak eta ingelesak iritsi baino askoz lehenago. Bertakoekin elkarlanean aritu ziren, eta hizkuntza berezi bat asmatu zuten, bertakoen eta euskaldunen hizkuntzak nahastuz. Kooperazio horren fruitua da Iparramerikako lehen industria.
Kanadako Gobernuak historiako pasarte hori berreskuratzeko jarri duen interesari esker, Kanada ekialdeko kostaldean iragan hori frogatutzat ematen duten aztarna ugari aurkitu dira.
Helburua lortzea bezain garrantzitsua dela bidea egitea, bilatzea, ikertzea hausnartzera darama ikuslea film dokumental honek. Espedizio batek munduko nazio boteretsuenaren historia modernoa aldatu lezakeela erakusten du Elkarrekin together-ek. “Dokumental film honek iraganerako bidaia batean murgilduko gaitu, etorkizunerako bidaia ere izango delarik. Beste mundu bat posible izan zela aurkitzen badute, beste mundu bat posible dela frogatuko dute”.