Saioa barikuan [martxoak 23] izango da, 10:30ean hasita. Emanaldiagaz, Tarinekoek eskolako ikasleei musika instrumentuak hurretik ezagutzeko aukera eskaini nahi diete. “Ikasleak musikaren mundura hurreratzeko ekintza bat da”.
Azaldu dutenez,
zazpi gune bereiztuko dituzte, eta honela banatuko dituzte: trikitia/panderoa, pianoa/akordeoia, gitarra klasikoa, bateria, elektronikoak (baxua eta gitarra), flauta eta saxofoia. Instrumentu horiek guztiak gelaka banatuko dituzte. Ikasleak ere 15 bat laguneko taldeetan banatuko dituzte: “Ikasleak geletatik pasatzen joango dira”.
Aurreratu dutenez, ikasle talde bakoitzak 10 bat minutu egingo ditu gune bakoitzean, gutxi gorabehera. Ikasle guztiak gune guztietatik pasatzen direnean, instrumentu guztiak batu eta erromeria itxurako zer edo zer egingo dutela esan dute. “Instrumentu guztiak batuta zer egin ahal den ikusiko dute”. Oro har, ekintzak ordu eta erdiko iraupena edukiko duela esan dute.
Tarinekoek
hamar urte inguru daramatzate emanaldi didaktikoa egiten. “Formatu honekin, ostera, bigarren urtea izango da aurtengoa”.
Beste alde batetik, joan den barikuan II. Entzunaldia eskaini zuten Tarineko hainbat musikarik Markina-Xemeinen. Emanaldia “ondo” atera zela eta, Tarineko ordezkariak pozik agertu dira.
Markina-Xemeinen II. Entzunaldia eskaini zuten Tarineko ikasle eta irakasleak. Argazkia: Tarine