Emozioz betea izaten ari da aurten Lekeitioko trinketean lehiatzen ari den Beteranoen Esku Pilota Txapelketa. Lehia eta emozioa mantentzen ari da azkenera arte; estreinako bidar esate baterako, berdinketa hausteak jokatu behar izan dira finalean egongo diren pilotariak erabakitzeko.
Lau bikoteek partidu bana irabazi zuten finalaurrekoetan, eta beraz, hirugarren partida bat jokatzera behartuta egon ziren. Barikuan [martxoak 16] erabaki ziren finalistak; Telleriak eta Condek eta Kaltzakortak eta Martinek borrokatuko dituzte aurtengo txapelak.
Berdinketa hauste partidua Lekeitioko trinketean. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Partiduak. Hasieran pareko ibili ziren
Telleria-Conde eta
Pradera-Gandiaga bikoteak, baina oreka seigarren tantoan apurtu zen. Gandiagak ezin izan zuen aurrera joanda pilota bueltatu eta hortxe apurtu zen berdintasuna eta partidua. Hortik aurrera, Telleria mallabiarra nagusi izan zen, eta naiz eta azken tantoetan Praderak eskutako takoak kenduta, pilotari bizkortasuna eta norabidea ematen hasi, beranduegi izan zen. “Momentu askotan tantoak oso borrokatuak izan ziren eta edonork eraman zezakeen partidua bere aldera, baina Berriatutik etorritako gazteek ez zuen zorterik izan”. 30 eta 14 gailendu ziren azkenean, Telleria eta Conde.
Azken partidan izan zuen lesiotik errekuperatu barik egonik,
Martin lekeitiarrak hartu zuela Bastidaren postua barikuko bigarren norgehiagokan, eta oso ondo gainera. “Bera izan genuen partidako jokalaririk onena eta hainbat pilota sartu zituen sarean”. Gizaburuko
Kaltzakorta argi ibili zen aurrean eta Martinegaz oso bikote indartsua osatu zuen. “Estrategia hutsez egindako tanto bi egin zituzten lehendabizi, jotzeko keinu egin eta azken momentuan apartatuz, kontrarioari pilota jota”.
Naiz eta ligaxkan jaun eta jabe izan, azken hiru partidetan Debako
Astigarraga eta Mendaroko
Egaña ez dira fin ibili, eta ondorioz, ez dute iazko modura finala jokatuko. “Astigarraga ondo ibili zen lehen hamarkadan, baina gero, bere jokoa ezin asmatu aritu zen, eta Egaña naiz eta jotzaile onenetarikoa izan, ez zen izan gai agintzeko eta 3. eta 4. postua jokatzearekin konformatu beharko dira”.
Astigarraga, Egan?a, Foster epailea eta Kaltzakorta eta Martin. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Finalak. Domekan jokatuko da azkenik, final haundia. Aurretik, baina, 3. eta 4. eta 5. eta 6. postuak erabakiko dira. Hiru izango dira, beraz, pilotazaleen domekan gozatu ditzazketen partiduak.
- 10:00etan, 3. eta 4. postuak erabakiko dira Astigarraga-Egaña eta Moral-Pradera bikoteen artean. Astigarragak eta Egañak txapelketa bikaina egin dute eta orain 3. postua eskuratzen saiatuko dira, baina aurrean bikote gogorra izango dute. “Moralek Gandiagaren postua hartzen du eta azkenengo partidan bikain aritu zen, eta Pradera ondo moldatzen da atzeko koadroetan eta Egañaren bonbardaketari eusteko gai bada aukera ederrak izango dituzte postu preziatu hori lortzeko”, aurreikusten dute antolatzaileek.
- 11:00etan, 5. eta 6. postuak lehiatuko dituzte Jaunarena-Foster eta Beraza-Etxebarria bikoteek. Izaten duen orekagatik partidu hau txapelketako politenetakoa izaten dela uste dute antolatzaileek. “Jaunarena bere herrian ospatutako torneoaren txapeldun modura dator, eta gainera, bere herritarren babesa izango du. Foster lekeitiarra oso segurua da atzean, eta lan handia emango diete, beraz, elgoibartarei naiz eta hauek txapelketako azken txanpan joko oso onarekin dauden”.
- 12:00etan, finala, Telleria-Conde eta Kaltzakorta-Martin bikoteen artean. Iazko txapeldunak gorabeheratsu ibili dira aurten, eta bikote sendoa izango dute aurrean. “Telleria dugu, bere esker elektrikoarekin, txispa gehien duen pilotaria, baina Kaltzakorta gizaburutarra maisua dugu partiduak irakurtzen, eta bere estrategia prest izango du garaipena lortzeko”. Martin, ordezko modura hasi zen eta Arrate eta Bastidaren lesioen ondoren, final handian egongo da. “2011n ere txapelketa jokatutakoa da eta bere segurtasuna eta sasoian egotea erabakigarria izan daiteke txapela janzteko”. Beraz, oso dema polita aurreikusten dute antolatzaileek.