Musika heziketa sustatzeko akordua sinatu dute Lekeitioko Udalak eta Musikaiak
Sormena gizarte garapenerako guztiz aberasgarria dela eta, herritarrei zuzendutako musika formazioa sustatu nahi du udalak, «herriko musika tradizioa galdu ez dadin». Hori dela eta, hitzarmen bat sinatu du erakundeak herriko musika eskolagaz.

Oihana Etxabe Musikaia musika eskolako zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Ander Marino Elorza Musikaia musika eskolako zuzendaria hitzarmena sinatzen. Argazkia: Lekeitioko Udala
Adostu dutenez, Lekeitioko Udalak urtean 25 mila euroko diru-laguntza emango dio Musikaia musika elkarteari, eta gainera, bere jarduera aurrera eramateko instalakuntzak ere utziko dizkio. Era berean, musika elkarteak, urtean zehar hainbat emanaldi egiteko konpromisoa hartu du eta ikasleen matrikula egitean lekeitiarrei lehentasuna emango diete.