Patri Espinar usansoloarrari eta Eneritz Arrieta azkoitiarrari 22-7 irabazita, Emakume Master Cupeko binakako txapelketako Lehen Mailako
bigarren txapela jantzi zuten atzo, Eibarko Astelena frontoian, Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak. Izan ohi duten mailan jokatuz gero, irabazteko aukerak bazituztela aurreikusten zuten, baina ez zuten espero horrelako alde handiagaz irabazterik. “Tanto borrokatuak egon ziren, baina uste baino errazago irabazi genuen”, azaldu du Etxebarriko pilotariak.
Patri Espinar, Eneritz Arrieta, Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga podiumean. Argazkia: Emakume Master Cup
Nahiz eta lehen bi tantoak Patri Espinarrek egin, Etxaniz eta Arrizabalaga nagusitzen joan ziren apurka-apurka. Launako berdinketa eta gero, errenkadan egin zituzten tantoak. Eneritz Arrieta atzean nekatu eta Patri Espinarri aurrean jokorako aukera gutxi uztea izan zen etxebarritarrak eta gernikarrak erabilitako estrategia, eta primeran atera zitzaien. “Nekatu egin ziren, eta ondorioz akats asko egin zituzten. Atzelariari laguntzeko ahaleginetan ibili zen Patri eta pilota asko galdu zituen”.
Final handia izan zen atzokoa,
tanto gogorrak, luzeak eta lehiatuak egon ziren. Lehiaren joera aldatzen ere saitu ziren Espinar eta Arrieta posizioak aldatuta, baina alferrik, gorriak ziren nagusi atzokoan.
Hirutik hiru. Jokoan egon diren Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko txapel guztiak, hirutik hiru, irabazi ditu Leire Etxaniz pilotari etxebarritarrak. Binakako eta banakako txapelak jantzi zituen iaz, eta atzo gorde zuen hirugarrena, beste biak gordeta dituen armairu berean.
Pozik dago Etxaniz atzoko garaipenagaz, baina batez ere pilotazaleen erantzuna azpimarratu du. “Frontoia bete egin zen eta kanpoan ere gelditu ziren 150 bat inguru, hori pozgarria da benetan”.
Finalera helduta irabaztea dela helburua azaldu du Etxebarriko pilotariak eta bigarren garaipen hau ere “oso pozgarria” izan dela aitatu du. Atzokoa egun borobila izan zen Etxanizentzat.