Telleriak eta Condek jantzi dituzte aurten, beteranoan trinkete txapelketako txapelak. Urtarrilaren 14an hasitako Beteranoen XIII. Esku Pilota Txapelketari amaiera ezin hobea eman zioten atzo [martxoak 25] Lekeitioko trinketean. Eserlekuak bete egin ziren, eta giro ona eta partidu bikainak izan ziren nagusi.
Gogo handia zegoen
Telleria-Conde eta
Kaltzakorta-Martin bikoteen arteko finala ikusteko, eta partiduak ez zien publikoaren usteei huts egin. Oreka mantendu zen hasieran bikote bien artean, baina Kaltzakortak eskumara ateratako sakeari esker, eta Martinen defentsa onagaz, aurretik jarri ziren gizaburutarra eta lekeitiarra 8 eta 13. Hurrengo hiruzpalau tantoetan Kaltzakorta ez zen fin ibili eta pilotak txapapera bota zituen. Telleriarentzako haize berria izan zen hori, eta sakea berreskuratuta, min handia egiten hasi zen. 13 tantora berdindu ondoren, aurrea hartu zuten Telleriak eta Condek eta ez zieten hurreratzeko aukerarik eman galtzaileei. 30 eta 24 irabazi zuten mallabiarrak eta elgoibartarrak. “Telleria izan dugu finaleko jokalaririk onena eta bere sake eta erresto indartsuak erabakigarriak izan dira txapeldun izendatzeko, 3. txapel jarraian janztezko. Conde hasieran makal, baina partida aurrera joan ala, egonkortu egin da, eta bigarren urtez jantzi du bikote onenaren txapela”, adierazi dute antolatzaileek.
Telleria eta Conde txapeldunak. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Txapeldun eta azpitxapeldunez gainera, 3. eta 4., eta 5. eta 6. postuak ere erabaki ziren atzo. Ligaxkan partidu guztiak irabazi zituzten
Astigarragak eta Egañak, merezimendu guztiz, aurtengo 3. postua eskuratu dute eta laugarren
Pradera eta Moral gelditu dira. Moralek, Gandiagaren lekua hartu zuen atzo. Bosgarren postua, berriz,
Beraza eta Etxebarriarentzat izan da, eta
Jaunarena eta Foster gelditu dira seigarren.
Horiez gain, Arri eta Izarra epaileek emandako beste sari batzuk ere banatu zituzten. Eguneko pilotari humoretsuenak,
Sabino Etxebarriak jaso zuen euretako bat. “Nahiz eta lesionatuta jokatu, irribarrea ez du galdu. Hainkako lesioari sorbaldakoa gehitu zaio eta amaitu ondoren, beste pilotariak lagundu behar izan zioten aldageletan kamiseta kentzen”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Txapelketako beteranoenari,
Iñaki Astigarragari (2018an, 64 urte) eta finaleko lekeitiar onenari ere eman zioten saria. “Guztira hiru jokalari izan dira, Foster-Moral eta
Martin, baina azken hau izan da onena”. Azken saria, finaleko onenarena,
German Telleriari eman zioten. “Partiduaren irakurketa ona egin du, eta sake erresturako kokapena hobetuz, buelta eman dio”.
Aurtengo txapelketa amaituta,
XIV. ena martxan jarri dute jada, eta erronka berri bategaz, gainera. “Astigarragak 65 urte egingo ditu eta aurten, erretiratzeko asmoa zuen, baina Andoni Egañak agindu dio 20 kilotik gora galduko dituela eta 100 kilotik bera jarri. Hori lortuz gero, prest agertu da 2019ko txapelketa jokatzeko”. Beraz izen ematean pisagailuagaz egon beharko dutela esan dute antolatzaileek, umorez.