Aurreko urteetan legez, Irakurketa Txokoa prestatzeko lanean dihardu Munitibarko Euskara Batzordeak. Euskal literatura ezagutara ematea eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatzea dituzte helburu.
Aurtengo lehen saiorako Jasone Osoro idazle elgoibartarraren
12etan bermuta eleberria aukeratu dute. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako XVI.
Augustin Zubikarai beka irabazi ondoren, 2015ean argitaratu zuen Elkar-egaz.
Gaur egun,
Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da Osoro, eta
apirilaren 13an [barikua]
solasaldia egingo dute beragaz. Munitibarko Liburutegian elkartuko dira, 18:30ean. Elgoibarko idazlearen aipatu liburua dagoeneko Liburutegian eskuratu ahal da, 16:00etatik 20:00etara.
12etan bermuta-ren protagonista Berta da. Maitasuna, zeloak, altruismoa, egoismoa, inbidia, erresumina, beharra, kariñoa, menpekotasuna, miseria, errua, plazera, damua, desesperazioa, nartzisismoa, beldurra, neurosia,… sentimendu sorta zabalaren sorleku dira harremanak, eta horiek denak eta askoz gehiago bildu ditu Osorok lanean.
Idazlearen berbetan, “mosaiko” baten moduan eraiki du lan hori: “Pieza txikiz osatua, tesela bakoitza kolore batekoa, denak bere horretan bixiak eta bitxiak, baina elkarren ondoan jarrita koadro eder eta harrigarri bat osatzen dutenak, kaleidoskopio bat bezain ñabar eta mugikorra, urtetako esperientzia bital eta artistikoa erakusten duena; sortzailearen heldutasun emankorra”.