Ekainaren 10ean Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza katearen berri eman zuen Lekeitioko Gure Esku Dago herri dinamikak domekan [martxoak 25] kultur etxeko Azkue aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldian. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba lotuko dituen 201,9 kilometrotan milaka herritarren erabakitzeko arrazoiak eskuz esku plazaratzea dela erronka esan zuten. Altube inguruetan 168. eta 169. kilometroak beteko dituzte lekeitiarrek eta mendexarrek batera. “Tarte hori betetzeko 1.000 pertsona eraman behar ditugu gutxienez, hauxe da gure erronka”.
Domekako aurkezpenaren ostean argazkia atera zuten ekitaldiko parte hartzaileek kultur etxearen kanpokaldean. Argazkia: Lekeitioko Gure Esku Dago
Giza katean parte hartzeko
saretu egin behar dela azaldu zuten. “Saretze txartela bete eta 5 euroren truke GED zapia eskuratuko dugu. Zapi hori norberak gorde eta
maiatzaren 6an zein
ekainaren 10ean gure arrazoiak idatzi eta giza katea lotzeko erabiliko dugu”. Saretze txartelen kanpaina hasi dute jada, eta hemendik aurrera kalean egongo direla azaldu zuten, informazioa eman, herritarrak saretu eta giza katera joateko autobusak betetzeko.
Erabakitzeko arrazoiak. Giza kateaz gain, apirilaren 22an eta maiatzaren 6an egingo dituzten
beste bi ekintza ere ezagutzera eman zituzten. Alde batetik,
apirilaren 22an dinamika parte hartzaile baten bidez Herritarron Itunean jasoko diren arrazoiak biltzen hasiko dira arloz arlo. “
Herritarron Ituna erabakitzeko eskubidea edukiz betetzeko dinamika herritar parte hartzailea da. Zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun, hau da, gure erabakitzeko arrazoiak jasoko ditugu itunean”. Lehenengo herrialde mailan mahai inguruak egingo dituztela azaldu zuten, arlo ezberdinak jorratuta –ongizatea, kultura, herritartasuna, gure lurra–, horietatik ateratako materialaz baliatuta gero, arrazoi bilketa egingo da herrietan ere.
Bestalde,
maiatzaren 6an,
Erabaklik Eguna ospatuko dute Lekeition. Aurreratu zutenez, giza kate txikiak egingo dituzte eskualdeko herrietan. “Klik kontzeptua erabiliz herritarron aktibazioa irudikatu nahi dugu, eta bildutako arrazoi guztiak eta gehiago kalera aterako ditugu herri mailan egingo dugun giza katearen bidez”.
Giza katearen aurkezpenagaz gainera,
Elkarrekin-Together dokumentalaren emanaldia eta Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramaileagaz berbaldia izan dute lekeitiarrek asteburuan.