Urteroko hitzordu berezienetakoa hartuko du Karraspioko hondartzak zapatuan [martxoak 31]. Mendexako Zaldi Lasterketak Abentura Park Saria lehiatuko dute,
12:00etan hasita.
Odol garbietan 10 zaldi ariko dira lehian, eta
gurutzatuetan, aldiz,
2 zaldi.
Parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak direla adierazi dute antolatzaileek: “Gehienak urtero etortzen direnak dira. Esaterako, Donostiatik, Zumaiatik eta Lasartetik datoz, eta Kantabriatik ere etorriko da zaldizko bat”. Lea-Artibaiko ordezkari bakarra egongo da aurten,
Bakene Erkiaga zaldizko
berriatuarra.
Iazko ikuskizunean, Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak gutxigatik irabazi zion orain dela bi urteko zaldi lasterketako irabazle Bakene Erkiaga zaldizko berriatuarrari.
Aurreko urteekin alderatuta, gurutzatuetan parte hartzea jaitsi den arren, dozena bat zaldi egotea “kopuru polita” da antolatzaileen berbetan.
Bestalde, hirugarren urtez jarraian, ikuskizun bitxiaz gozatzeko aukera izango dute Mendexako hondartzara bertaratzen direnek. Lau pilotuk
kart cross ikuskizuna eskainiko dute. Ivan Muñoz gernikarrak, eta Asier Tejido eta Gorka Olaizola eta Ander Olaizola anai gipuzkoarrek erakustaldia emango dute.
“Orain dela hiru urte motorra eta zaldiaren arteko ikuskizuna egon zen, iaz, berriz, rallyetako autoa eta zaldiaren artekoa, eta oraingo honetan punta-puntako lau pilotu gonbidatu ditugu”, azaldu dute Kuku Habixa Kultur Elkartearen ordezkariek.
Kart crosseko kanporaketagaz hasiko da txapelketa, eta jarraian odol garbien eta gurutzatuen kanporaketak lehiatuko dituzte. Horiek amaitzean, kart croseko finala lehiatuko dute bi pilotuk.
Ondoren, finalera sailkatu ez diren odol garbien kontsolazio finala jokatuko dute, eta segituan odol garbien final nagusia lehiatuko dute sei zaldik (bi kanporaketa egongo dira, eta hiru zaldi sailkatuko dira).
Egun aldaketa. Urtero Eguen Santu egunean lehiatu dituzte lasterketak, eta aurten marearen ondorioz, eguna aldatu behar izan dute: “Pena da aldatzea, azken 10-12 urteetan eguna mantendu dugulako, baina eguenean itsas behera oso goizetik da, eta ez genuen beste aukerarik”.