Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, Lekeitioko ostatuak beteta egon dira Aste Santuko –martxoaren 29tik apirilaren 2ra– lehen lau egunetan. Lehenengo lau egunetako
okupazioa %100ekoa izan da, eta hurrengo egunetakoa %80 gutxi gorabehera. Sektoreak, pasa den urtearekin alderatuta, bisitari kopuru berbera somatu duela azaldu dute.
Turismo bulegoak, berriz,
677 bisitari jaso ditu. Espainiar estatuko bisitariak izan direla gehienak esan dute %55,10
, Euskal Herrikoak %32,94, eta atzerrikoak %11,96. “Lekeitio Turismo bulegoak herriko leku ezberdinen inguruko informazioa jartzen du bertara hurbiltzen direnen eskura. Bisitak antolatu eta ezagutu beharreko lekuak gomendatzen ditu. Hortaz, asko dira bertara joaten direnak Lekeitio hobeto ezagutzeko asmoz”.
Santa Katalina Itsasargia.
Beste batzuren artean, bisita gehien izaten dituen herriko ondareen artean Santa Katalinako Itsasargia dago. Itsasargiak 115 bisita izan ditu Aste Santuko astean, iazko antzera. “Gogoratu behar da, martxoa, kostaldeko museoen hilabetea izan dela, eta horren ondorioz hilabeteko datuak oso onak izan dira. Igande guztietan itsasargiaren prezioa euro batean ipini da eta 142 pertsona hurbildu dira”. Jakitera eman dutenez, Suspergintzaren bitartez 217 umek ere bisitatu dute eraikina, horrela, beraz, hilabeteko egun guztiekin batera, 509 bisitari egon dira guztira, martxoan.
Turisten profilari dagokionez, familiak, bikoteak eta laguntaldeak izan dira nagusi, eta kultur ibilbideak, natur ibilbideak, irlara joateko aukerak, itsasargiko bisitak, gastronomia eta kultur ekitaldiak interesatu zaizkie batez ere.