Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, 53. Ibilaldi Neurtua egingo da
domekan [apirilak 15] Markina-Xemein inguruetan zehar. Aurten ere, bi ibilbide jarri ditu aukeran herriko mendigoizale taldeak
26 kilometroko luzea eta
10 kilometroko laburra.
Ibilbide luzeko parte hartzaileek Markina-Xemeingo
Arkupean hasiko dute ibilaldia,
07:30ean. Guztira, sei bat ordu eta erdian egiteko moduko ibilbidea izango dute aurretik, eta bi hornidura gune aurkituko dituzte bidean, lehenengoa Urriola auzoan eta bigarrena Santa Eufemiko zelaian. Egin beharreko
bidea hurrengoa izango da: Markina-Xemein, Erdotzako ermita, Ikaztegi jatetxea, Zeinka auzoa, Gerrika auzoa, Motrollu (591m), Urriola auzoa, Zubero auzoa, Santa Eufemiko zelaia, Urregarai (704m), Larrus baserria, Ugarte dorrea eta Markina-Xemein.
Jendea 50. Ibilaldi Neurtua egiten.
Ibilbide laburreko parte hartzaileek Zubero auzoan ekingo diote bideari, bertara joateko, baina, autobusak jarriko ditu Artibai Mendigoizale Taldeak, eta beraz, irteera ordua
09:00etan izango da Markina-Xemeingo
autobus geltokitik. Aulestiko Zubero auzotik, berriz, 09:15ean abiatuko dira.
Ibilbide laburrekoek
luzekoen azken zatia egingo dute Zubero auzotik hasi eta Markina-Xemeinera arte, gutxi gorabehera hiru bat ordutan egiteko modukoa. Santa Eufemiko zelaira igo, handik Urregaraira eta gero, Larrus baserriaren ondotik beherantz egingo dute Ugarte dorrearen albotik Markina-Xemeingo erdigunera heltzeko.
Doan. Urtero modura, ibilaldian parte hartzeko ez da ezer ordaindu beharko, baina antolakuntza errazteko
izena aldez aurretik ematea eskatu dute antolatzaileek. “Hornidura eta autobus nahikoa egotea bermatzeko garrantzitsua da aurretiaz izena ematea”, azaldu dute. Izena aldez aurretik emateko
hiru modu egongo dira:
amt@alpinoartibai.org.es helbide elektronikora idatzita, 605 712 937 telefono zenbakira deituta edo Alpinoren lokalean zein Loirats mertzerian izena emanda.
52. Ibilaldi Neurtuko Ibilaldi Luzearen hasiera Markina-Xemeingo Arkupean. Argazkia: Josu Arrate/Txorixe
Hala ere, azken orduan parte hartzea erabakitzen dutenek ere, izango dute izena emoteko aukera irteera gunean aurkituko duten mahaian. Ibiltari guztiek euren parte hartzea baieztatu beharko dute harrera mahaietan, eta ondoren hasiko dute ibilbidea. “Ibilbidearen informazioa eta
kontrol markak egiteko orria hartuko dute bertan”.
Artibai Mendigoizale Taldeak 53 urte darama ibilaldi neurtua antolatzen, eta lau ibilbide prestatu ohi dituzte, guztiak Markina-Xemein inguruetan. Hala, iaz Akarregi eta Berriatua aldetik egin zen ibilbidea eta aurten berriz, Santa Eufemi eta Motrollo alderdian zehar joango dira ibiltariak, eta datorren urtean Trabakua eta Kalamua aldera joko dute. “Ibiltariei aukera ezberdinak eskaintzea dugu helburu bide batez inguruak ezagutzeko”. Domekako eguraldiaren aurreikuspena ona dela eta jendea parte hartzera animatu dute.