Zehatz esateko, Ondarroa eta Lekeitio artean lehiatu zuten lehen saioa, zapatuan [apirilak 7]. Bizkaiko hainbat taldetako
24 urpekarik parte hartu zuten proban. Ondarroako portutik Lekeitioko Santa Katalina itsasargira arte izan zuten mugatuta txapelketako arrantza esparrua.
09:00tan eman zioten hasiera lehiari, eta lau orduz egon ziren uretan; 13:00tan bukatu zuten proba. Jakitera eman dutenez, lehen saio honetan
ez zuten inolako arazorik eduki. Lehorreratu ostean, arrain pisaketa Ondarroako arrain kofradia azpian egin zuten, eta jende ugari bertaratu zen, giro ezin hobean.
Bizkaiko Urpeko Txapelketako parte hartzaile batzuk. Argazkia: Izaro Sub
Bermeoko Izaro Sub taldeko
Jon Mikel Bikandi durangarra izan zen onena; 14 arrain harrapatuta, 28.469 puntu lortu zituen. Patxi Unda armintzarra sailkatu zen Bikandiren atzetik, 26.313 puntugaz (13 arrain). Izaro Sub-eko Irkus Lopez De Abetxuko eatarra hirugarren sailkatu zen, 24.072 puntugaz (12 arrain).
Ondarroako Urpeko Elkarteko Ander Bergara seigarren sailkatu zen, 16.143 puntugaz (10 arrain).
Arrain handienaren saria Patxi Undarentzat izan zen
2,095 kiloko lasun bat arrantzatuta.
Apirilaren 22an [domeka] lehiatuko dute Bizkaiko bigarren proba, Zierbenako uretan. Bertan erabakiko da Euskadiko txapelketan parte hartuko duten arrantzaleak nortzuk izango diren. Bestalde,
Euskadiko finala Orion lehiatuko da, maiatzaren 12an eta 13an.