Etxebarriko Irubide, Olaia eta Otsolo tabernak izango dira zapatuan [apirilak 14] Etxebarrian ospatuko den
Elizpe Rock musika jaialdiaren lehen agertokiak. Izan ere, akustikoekin hasiko da Lea-Artibai eskualdeko 18 talderen zuzenekoak entzuteko aukera eskainiko duen jaia. Horrez gain, beste hiru agertoki prestatuko dituzte, bi elizpean –Lea eta Artibai– eta bestea Plaza Barrin –Urko–, musikak egun osoan etenik ez izateko.
Egitaraua prest dago; talde bakoitzak
45 bat minutuko kontzertuak eskainiko dituela jakitera eman dute antolatzaileek, eta bata bestea kateatuz joan ahalko da publikoa agertoki batetik bestera. Ondarroako Biren taldeak emango dio hasiera jaialdiari
11:00etan, Irubiden, eta azken kontzertua Plaza Barriko Urko agertokian izango da
gauerdian, Jake Mate taldeagaz. Eta guztia
doan izango da, ez da sarrerarik egongo.
EGITARAUA
Azken prestaketak egiten ari dira egunotan jaialdia antolatu duen Etxebarriko gazte taldea, eskualdeko beste gazte askoren laguntzagaz, zapaturako dena prest edukitzeko, eta 18 taldeak ere gogoz daude dena emateko. Zapatukoa Jake Materen agurra izango dela ere aurreratu dute. “Kontzertu berezi zein hunkigarria izango dugu, beraien agurra da justuki egunari amaiera emango diona”. Beraz, Etxebarrira hurbildu eta jaialdiagaz gozatzera animatu dituzte ume, gazte eta nagusiak, jaialdiak musika estilo ezberdinak uztartuko ditu-eta, punk, heavi, rock, trikitixa, batukada eta erromeria besteak beste.
HONEKIN LOTUTA: Elizpe Rock jaialdiaren aurkezpena